Trikitilariek eta trikitizaleek Azpeitiko Korrale tabernan dute gaur hitzordua

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 28a

Apirilean egin zuten aurreneko juntadizoa, Azkoitian. (Trikigiro)

Gaur, osteguna, Azpeitiko Korrale tabernan egingo du Trikigirok Osteguntxo egitasmoaren barruko juntadizoa, 21:00etan hasita. Apirilean ekin zion kultur elkarte horrek egitasmoari, eta aurrerantzean, haren asmoa da hileko azken ostegunetan bailarako trikitilariak elkar ezagutzeko plazak sortzea.

Trikiti munduko herritarrak saretzea xede duen Osteguntxo egitasmoa abiatu zuen apirilean Trikigiro kultur elkarteak. Duela urte batzuk, Azkoitiko Txalintxo tabernak abiatu zuen Trikilintxo juntadizoari lekukoa hartu, eta hileko azken ostegunak trikiti munduko lagunak biltzeko egunak izan daitezen nahi du elkarteak. Azkoitiko Zurt tabernan egin zuten aurreneko juntadizoa apirilean, eta gaur, osteguna, Azpeitiko Korrale tabernan elkartuko dira 21:00etatik 23:30era.

Bide batez, bailarako trikitilariak elkar ezagutzeko plazak sortzea ere bada egitasmoaren helburua. "Osteguntxorekin lortu nahi da adin desberdinetako lagunak elkartzea, haiek elkar ezagutzea, eta oro har, soinua nahiz panderoa elkarrekin jotzea. Gainera, bakoitzak duen aberastasuna gainerakoei erakutsi edo hura besteekin elkarbanatu ahal izango dute partaideek, Urola erdiko trikiti zaletasuna eta aberastasuna transmitituz", adierazi dute elkarteko ordezkariek.

Egitasmo berri horretan edozein adinetako lagunek izango dute parte hartzeko aukera. "Trikitia maite duen edonork izango du hitzorduetara bertaratzeko aukera. Saioetan norbanako bakoitzaren gaitasunak kontutan hartzea eta errespetatzea eskatuko da. Hala, trikitiaren kontu, kanta, erromeria, zaletasun eta abar elkarbanatzeko aukera izango da". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide