Iñaki Beitiaren omenezko 28. mendi martxa egingo dute igandean

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 29a

Hainbat lagun, iaz, mendian zehar. (Iosu Perez)

Igandean goizean goiz abiatuko dira parte hartzaileak mendi martxaren ibilbidean zeharkatu beharko dituzten zazpi puntuak lotzera. Gaurko eguna da mendi martxarako izena emateko azkena. 

Iñaki Beitia zenaren omenezko 28. mendi martxa egingo dute etzi, igandea. Urretxu, Zumarraga eta Azkoitia artean, hiru herrietako zenbait mendi gailur lotu beharko dituzte parte hartzaileek. Guztira, 30 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela duen bideari egin beharko diote aurre parte hartzaileek.

Izazpi (973 metro), Pagotxeta (750 metro), Samiño (927 metro), Oñamendi (832 metro), Aizpurutxo (220 metro), Trekutz (700 metro) eta Irimo (903 metro) igaro beharko dituzte, atzera irteera puntura itzuli aurretik. Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko dute ibilbidea, 07:00-07:30 inguruan.

Antolatzaileek gaur, ostirala, itxiko dute martxan parte hartu ahal izateko izen emate epea. Batetik, gaur 21:00etara aurrez aurre eman daiteke izena Urretxu-Zumarragako Ostadar mendi elkartean edota Zumarragako Ispilla, Urretxuko Aldiri nahiz Legazpiko Bikuña kiroldegietan. Era berean, gauerdia baino lehen egin ahalko da izen ematea Iñaki Beitia mendi martxaren webgunean. Dena den, 10 euro ordaindu beharko da izen ematea era batera edo bestera izan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide