Etzi, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Ekaineko lehen hitzordua izango da astelehenekoa, eta arratsaldez egingo dituzte ateraldiak; 16:30etik 20:30era arituko dira erizainak herritarren odola biltzen.
Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Odola ematen hasi nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek, berriz, 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan baitaude.
Maiatzaren 11n egin zituzten azken odol ateraldiak, eta orduko hartan 90 odol poltsa bildu zituzten Azkoitiko Odol Emaileen Elkartekoek. Ekainaren 22an izango dira hurrengo ateraldiak, baina goizez eta arratsaldez emango dituzte egun horretarako hitzorduak; alegia, 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:30era.