Azkoitiak bihar jokatuko ditu Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako joanekoak

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 28a

Julen Etxaniz sakea ateratzen, Zegamaren aurkako kanporaketan. (Zezilio Salas)

Oteiza pilota elkarteko ordezkariek arerio zailak izango dituzte txapelketaren final laurdenetan, nola gomazko palistek, hala pilotariek, iazko txapeldunen aurka aritu beharko dute eta. Palistek Gurea frontoian jokatuko dute Astigarragaren aurka (19:00), eta pilotariek, Oiartzunen (21:00).

Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final laurdenetako joaneko partidak jokatuko ditu bihar, ostirala. Kanporaketak gainditu ahala, aurkari zailagoekin egin ohi dute topo taldeek, eta Azkoitiaren kasuan, kontrario zailak izango ditu fase berri honetan, bai palistek, bai pilotariek, iazko txapeldunak izango dituzte-eta aurrean. Palistek etxean, Gurea pilotalekuan, jokatuko dute Astigarragaren aurka 19:00etan, eta pilotariek, Oiartzungo Madalensoro frontoian, 21:00etan hasita.

Oteiza elkarteko bi taldeak final zortzirenetan 4-2 irabazita sailkatu dira. Palistek Zarautz utzi zuten kalean, eta pilotariek, Zegama. Bi taldeek bina partida irabazi zituzten nola etxean, hala etxetik kanpo. Orain, baina, erronka zailagoa izango dute biek ala biek. Palistek txapelketako zerrendaburuetako bat den eta lehiari final laurdenetan ekingo dion Astigarraga izango dute arerio, eta pilotariek, azken lau urteetan txapela jantzi duen Oiartzun.

Joaneko partidetan ahalik eta emaitzarik onena lortzen, eta hala egin ezean, tanto kopuru handiena eskuratzen saiatuko dira Oteizako ordezkariak, itzulerako partidei bestelako ikuspegi batekin heltzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide