Antton Oñederra zenaren omenezko txirrindularitza proba jokatuko dute zapatuan

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 28a

Peña Elorzaren lasterketa, artxiboko irudi batean. (Guka)

Benjaminen, kimuen eta umeen mailetako txirrindularien probak jokatuko dituzte larunbat arratsaldean Trenbidearen Zumardia eta Juin industrialdearen artean. Lasterketak eragina izango du ibilgailuen zirkulazioan. 

Peña Elorza txirrindularitza taldeak umeen txirrindulari proba antolatu du zazpigarren urtez datorren larunbaterako. Azken urteetan bezala, Trenbidearen Zumardian eta Juin industrialdean izango dira Antton Oñederra zenaren omenez jokatzen dituzten lasterketak,16:30ean hasita.

Benjaminen, kimuen eta haurren mailetako txirrindulariek parte hartuko dute larunbatean, eta txirrindularien mailen araberako distantzia izango du proba bakoitzak. 900 metro eskaseko zirkuituari egin beharko diote aurre parte hartzaileek; benjaminek bi itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, sei itzuli kimuen mailakoek eta hamabi itzuli haurrek. 

Errepide gaineko lasterketak izanik, probek eragina izango dute zirkulazioan, eta ibilgailuek ezin izango dute Trenbidearen Zumardiko zati bat erabili 06:00az geroztik; hain zuzen, kale horretako 13 zenbakitik, Bertatik Berta janari dendaren paretik, hasi eta Juin industrialdera arteko errepide zatia itxiko dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide