Ekainaren lehena da gaur, eta uda giroa gero eta gertuago sumatzen da. Askok jo ohi dute Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetara, eta Elkarguneko arduradunek jakinarazi dute hango instalazioetarako ateak noiz zabalduko dituzten: hilaren 12an, ostiralez, 10:30ean. Ordutik irailaren 13ra bitartean, 94 egunez, 10:30etik 20:00etara gozatu ahal izango dute herritarrek hango uretan eta belardietan.
Ugarteigarango sarreren nahiz bonuen prezioen berri ere eman du Elkarguneak. Eguneko sarrera edota hamar eguneko, hilabeteko nahiz hiruhileko bonua eskuratu ahal izango dira. Era berean, Elkarguneak aurreratu du bai sarrera, bai bonuak eskuz edo txartelarekin ordaindu beharko direla, eta Ugarteigaranerako bonua eskuratzen dutenek Elkarguneko zerbitzuak erabiltzeko aukera izango dutela ere bonuak irauten duen epean. Ohi bezala, 17:00etatik 20:00etarako sarrera 4 euro ordaindu beharko da. Hona hemen sarreren eta bonuen prezioen taula:
| Adin tartea | Eguneko sarrera | 10 eguneko bonua | Hilabeteko bonua | Hiru hilabeteko bonua |
| 0-5 urte | Doan | Doan | Doan | |
| 6-12 urte | 4 euro | 33,95 euro | 15,87 euro | 39,69 euro |
| 13-17 urte | 4 euro | 33,95 euro | 33,08 euro | 79,37 euro |
| 18 urtetik gorakoak | 6 euro | 42,27 euro | 52,92 euro | 145,53 euro |
| Ikasleak | 4 euro | 33,95 euro | 39,69 euro | 105,83 euro |
| Langabetuak | 4 euro | 33,95 euro | 39,69 euro | 105,83 euro |
| Erretiratuak | 4 euro | 33,95 euro | 39,69 euro | 105,83 euro |
| Aniztasun funtzionalen bat dutenak | 4 euro | 33,95 euro | 39,69 euro | 105,83 euro |