Itaia emakumeen antolakunde sozialistak sortutako irakurle taldeak datorren ekainaren 27an izango du ikasturte honetako azken saioa, eta parte hartzaileek Jacqueline Harpmanek idatzitako Moi qui n'ai pas connu les hommes (Nik, gizonak ezagutu ez ditudanak) eleberria landuz agurtuko dute uda aurreko sasoia. Egun horretan, 11:00etan elkartuko dira, Gaztetxean.
Zientzia fikzioaren barruan kokatzen da Harpmanek 1995ean argitaratu eta ondoren hainbat hizkuntzatara itzulitako lana. Distopia bat da istorioa, eta honako hau bere sinopsia: gizonezko guardia batzuek giltzapean dituzten berrogei emakumeren istorioa kontatzen du liburuak. "Katastrofe" bat gertatu zenetik, emakume horiek ez dute ez gizonezkoekin, ez kanpoko munduarekin inoiz hartu emanik izan. Baina egun batetik bestera zaintzaile horiek guztiek alde egingo dute ezer esan gabe, eta emakumeak aske geldituko dira. Hortik aurrera, espero gabeko eta ezezaguna duten mundu bati egin beharko diote aurre.
Itaiak iazko urte amaieran jarri zuen martxan irakurle taldea, eta antolatzaileek gogoratu dute egitasmoaren helburua dela "emakume langileen interesekoak" diren gaiak lantzea, herrian "bestelako kultur eredua" sustatzea eta elkartzeko espazio desberdinak sortzea.