Azken urteetan bezala, Xabier Munibe ikastolako LH 6. mailako ikasleek pastorala sortu dute aurten ere, eta oraingo honetan, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariaren bizitza eramango dute horiek Baztartxoko oholtzara. Ekainaren 12an erakutsiko dute jendaurrean azken hilabeteetan ondutako lana, eta egun horretan bi emanaldi eskainiko dituzte: bata 10:30ean eta bestea 18:30ean.
Pastorala irekia izango da edonorentzat, eta saioetara joateko aldez aurretik banatuko dituzte sarrerak, plazan, udaletxearen ondoan: etzi, ostegunez, 11:15etik 12:15era izango dira eskuragarri sarrerak, eta ostiralean ere bai, 11:15etik 12:15era eta 15:15etik 16:30era bitartean. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera hartu ahal izango ditu, eta sarrerak amaitu arte izango dira eskuragarri.
Antolatzaileek eskolako familiak eta herritar guztiak gonbidatu ditu emanaldira eta ikasleen "lana eta ilusioa" gertutik bizitzera.