Musean 32 bikotek parte hartu dute Martirietako mendekosteetan

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 23a

Mus txapelketa aurretik jokatu arren, ofizialki gaur hasiko dituzte Mendekoste jaiak, 19:00etan suziria botata. Segidan, trikipoteoa eta bertso afaria egingo dituzte. Bihar, igandea, goizean eta arratsaldean izango dira jaietako ekitaldiak. Gaur eta bihar herrigunetik Martirietara joan-etorria egiteko autobusa egongo da.

Mus txapelketa azkarra jokatu zuten atzo Martirietan, 32 bikotek parte hartuta. Arrasateko bikote bat izan zen txapelduna, eta giro bikaina sortu zen auzoan. Ofizialki, baina, gaur larunbata hasiko dituzte Mendekoste jaiak auzo horretan. 19:00etan txupinazoa  botako dute, eta jarraian trikipoteoa egingo dute, Garixe eta Trino trikitilariekin. 21:30ean hasiko dute bertso afaria. Maddi Agirre, Eneritz Artetxe, Aratz Igartzabal eta Ibai Urdangarin bertsolariak arituko dira kantuan.

Bihar, igandea, egun guztian izango da festarako aukera Martirietan. 10:00etan meza nagusia egingo dute Emeterio eta Zeledonio martirien ermitan, eta elizkizuna bukatutakoan, hamaiketakoa izango da Martitteko Bentan. 12:00etan, umeen pilota partidak jokatuko dituzte auzoko frontoian, eta 14:00etan bazkaria egingo dute. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, umeentzako jolasak izango ira Martirietako plazan, eta jolasak bukatutakoan merienda eskainiko dute. Egun osoan trikitilariek girotuko dute auzoa.

Gaur eta bihar autobusa

Herrigunetik Martirieta auzora igotzeko eta handik jaisteko autobus zerbitzua eskainiko dute aurten ere: gaur, 19:30ean irtengo da autobusa San Martin kaleko geltokitik Martirietara, eta handik jaisteko autobusa, berriz, 03:00etan izango da. 

Bihar, igandea, 11:00etan eta 16:30ean irtengo da autobusa herriguneko San Martin kaletik Martirietara, eta handik autobusez itzuli nahi duenak 14:00etan eta 19:00etan izango du aukera.

(Argazkiak: Martirietako auzo elkartea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide