'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' liburuaz hausnartuko dute irakurle taldearen astearteko saioan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 22a

Unai Elgorriaga da liburuaren idazlea. (Susa)

19:00etan hasita egingo dute saioa, Elkarguneko Oteiza aretoan. Gainera, idazleak berak ere parte hartuko du hitzordu horretan. Unai Elgorriaga idazlearen zazpigarren nobela da Francesco Pasqualeren bosgarren arima. Udako oporren aurretik, azken saioa egingo du taldeak.

Azkoitiko Irakurle Taldeak datorren asteartean, hilak 26, egingo du udako oporretako etenaren aurreko azken saioa. Talde horrek iragarri duenez, saio hori "berezia" izango da; izan ere, Unai Elorriaga idazlearen Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa, 2024) nobelaren nondik-norakoak aztertuko dituzte Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan hasita. Ohi bezala, Iñigo Aranbarri Azkoitiko Irakurle Taldeak bideratuko du saioa, baina Elorriaga bera ere Azkoitian izango da.

Algortako idazleak nobelari buruzko hainbat eta hainbat kontu azalduko ditu, eta liburua irakurri dutenen iritziak eta esanak bildu. Francesco Pasqualeren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Elorriagaren ibilbideko zazpigarren nobela den Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuak. Beregainak diren atalekin eraiki du kontakizuna idazleak, elkarren segidan jarrita oihartzuna puskaz harago hedatzen dutenak; hitz lauz eta urarena halako musika itsaskorrez.

Liburuaren kontra-azaleko azalpenak honako hau dio: "Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan. Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte".

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide