Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetako itzulerako partidak, gaur

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 22a

Gomazko palisten taldea, Gurean. (Andoni Elduaien)

Oteiza elkarteko pilotariek eta gomazko palistek gaur, ostirala, jokatuko dituzte final zortzirenetako itzulerako lehiak. Gomazko paleta modalitateko kirolariak Gurea frontoian saiatuko dira final laurdenetarako sailkapena bermatzen (19:00), eta eskuzkoak, Zegaman (20:00). 

Oteiza pilota elkarteko pilotariek eta palistek gaur, ostirala, jokatuko dituzte Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final zortzirenetako itzulerako partidak. Gomazko palistek etxean borobildu nahi dute final zortzirenetako kanporaketa, joan den astean Zarautzen jokatutako joanekoan lortutako garaipena errepikatuz; 19:00etan hasita jokatuko dituzte itzulerako neurketak, Gurea frontoian. Aldiz, pilotariek Zegamako Toki Alai pilotalekuan jokatuko dituzte partidak, 20:15ean hasita. Haiek ere esku eskura dute kanporaketa gainditzea.

Gomazko palistek bi partida irabazi zituzten joan den astean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Kanporaketa alde dute Oteiza elkartekoek; izan ere, 56 tanto dituzte alde, eta kontrara, 32 aurka. Lehen partidan, kantxa osoan, 7-20 irabazi zuen Iker Epeldek. Bigarren partida, binakakoa, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak jokatu zuten, baina horiek 20-16 galdu zuten partida. Azkenik, zazpi koadroren barruan lehiatu zen Jokin Aizpuru, eta hark 5-20 irabazi zuen.

Bestalde, pilotariek etxean hasi zuten izatez Zegaman hasi behar zuten kanporaketa. Zegama-Aizkorri mendi lasterketa zela eta, joaneko eta itzulerako partiden kokapena aldatzea adostu zuten bi pilota elkarteek, eta horregatik ekin zioten final zortzirenetako lehiari, Azkoitian. Nagusitasunez, 2-1 garaitu zuen Oteiza elkarteak Zegamako taldea. 48 tanto ditu alde gaur-gaurkoz Azkoitiak, eta 35 tanto aurka. Kadeteen mailan, Joanes Juaristik eta Denis Santosek 4-22 galdu zuten; gazteetan, Jon Arregik eta Julen Etxanizek 22-12 irabazi zuten; eta nagusietan, Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi 22-1 nagusitu ziren.

Final laurdenetara sailkatzea dute xede Oteizako bi taldeek, eta hori lortuz gero, arerio gogorrak izango dituzte biek ala biek. Eskuzkoek Aia-Oiartzun kanporaketako irabazlearekin neurtu beharko ditu indarrak Azkoitiak –Aiak 2-1 irabazi zuen joanekoa, Aian–, eta gomazko palistek oraindik lehian sartu ez den Aia dute zain.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide