Aurrerantzean hilero eskainiko dute Azkoitian NAri eta pasaporteari lotutako kudeaketak egiteko aukera

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 20a

Unitate mugikor batean berritzen dituzte NA eta pasaportea. (Goierriko Hitza)

Aurrerantzean, Espainiako Poliziaren unitate mugikorra hilero etorriko da Azkoitira herritarren NA eta pasaportea berritzera. Udaletxeko Arreta Bulegoan hartu behar da hurrengo hilerako hitzordua. 

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, hilero eskainiko dute herrian NA eta pasaportea ateratzeko nahiz berritzeko aukera. Erakundeak nabarmendu du, aurrerantzean "hileroko maiztasunarekin" etorriko dela Espainiako Poliziaren unitate mugikorra Azkoitira. 

Udaletxeko Arreta Bulegora joanda edota hango 943-08 00 80 telefono zenbakira deituta eskatu beharko da NAri edota pasaporteari dagozkien aldaketak egiteko hitzordua. Hilabete bakoitzean "aldiro 48 hitzordu" emango dituzte, baina eskuratu edota berritu nahi den dokumentu bakoitzarentzat "hitzordu bana" behar da. "Norbaitek NA eta pasaportea, biak, behar baditu, bi hitzordu erreserbatu beharko ditu", azaldu du udalak.

Zerbitzua aurrez aurrekoa da eta tasak ordaindu behar dira: 12 euro ordaindu behar da NAren kasuan, eta 30 euro, pasaportea egiteko. Bihar, maiatzaren 21ean, izango da unitate mugikorra Azkoitian, eta egun hori igarotakoan irekiko die udalak herritarrei ekainerako txanda hartzeko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide