Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara egingo du bidaia abuztuan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 25a

Espeguetteseko aterpetxe bat. (espritparcnational.com)

Gaurtik aurrera eman daiteke izena mendi taldeak Pirinioetara egingo duen irteeran. Pineta, Espuguettes, Maillet eta Ainsa mendiak zapalduko dituzte. Bestalde, Naiara Aizpuru nutrizionistak hitzaldia eskainiko du ostiralean, Elkargunean.

Anaitasuna mendi taldeak gaur zabaldu du abuztuan egingo duten udako irteerarako izen ematea. Abuztuaren 8tik 12ra bitartean egingo dute irteera, eta besteak beste, Pineta, Espuguettes, Maillet eta Ainsa mendiak zapalduko dituzte. Azkoititik Pinetara joko dute abuztuaren 8an, baina lehen mendi irteera hurrengo egunean egingo dute, Pineta eta Espuguettes artean (13,74 kilometro); abuztuaren 10ean, Espuguettes eta Maillet lotuko dituzte (14,5 kilometro); eta abuztuaren 11n, azkenik, Maillet, Pineta eta Ainsa (19,18 kilometro).

Mendi bazkunak adierazi du zailtasun fisiko eta tekniko handiko irteera izango dela abuztukoa, eta horregatik, Pirinioetan federatuta egotea nahitaezkoa dela bidaian parte hartzeko. Anaitasunako bazkide direnek 250 euro ordaindu beharko dute bidaia, eta bazkide ez direnek, 300 euro. Honako lotura honetan eman beharko da izena. 

Hitzaldia, ostiralean

Naiara Aizpuru nutrizionistak, bestalde, Mendiak eta elikadura izeneko hitzaldia eskainiko du datorren ostiralean, hilak 29, Elkargunean (18:00). Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta arituko da aditua mendirako elikadura osasungarrien gaineko gogoetak herritarrei azaltzen. 

Hainbat gai azalduko ditu Aizpuruk, baina, besteak beste, elikadura osasungarria zer den, hori kirolera nola egokitu daitekeen, eta, bereziki, mendirako zein egokitzapen egin behar diren azalduko hark, solasaldi teoriko-praktikoa uztartuta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide