Lehen Hezkuntzako ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren barruan egindako lanketaren emaitza gisa, udalak Floreaga ikastetxearekin eta Xabier Munibe ikastolarekin elkarlanean jarri nahi du Eskolara Oinez egitasmoa martxan. Aurreko astean bilera informatibo bat egin zuten haren nondik norakoak gurasoei azaltzeko, eta horren ondotik, datorren hilean egitasmoaren probaldia egitea erabaki dute. Udalak jakinarazi duenez, ekaineko bigarren astean bizpahiru egunetan egingo dute saiakera. Eta erantzuna ona bada, datorren ikasturtean ezarriko dute programa herrian.
Izenak berak dioen moduan, herriko haurrak eskoletara oinez joatea du helburu egitasmoak, besteak beste, halako ibilbideak egiteko autoen erabilera murritz dezaten familiek. Izan ere, antolatzaileak jakitun dira gero eta gehiago direla halako ibilbide laburretarako autoa erabiltzen dutenak, eta horrek hainbat ondorio eragiten dituela azpimarratu dute, hala nola airea kutsatzea, eskola inguruetan auto ilarak eta arrisku egoerak sortzea, eta umeek jarduera fisiko gutxiago egitea. Kontrara, egunero oinez "pixka bat" egiteak onura "asko" dituela azpimarratu dute; besteak beste, autonomia eta ardura landu. eta umeen arteko harremanak sendotzen ditu. Horrez gain, umeak eskolara "alai eta erne" iristen dira, eta horrek "ikasketa emaitzak ere hobetzen ditu".
Finean, udalak azpimarratu du proiektuaren xedea dela herrian "mugikortasuna hobetzea" eta Azkoitia familientzako leku "osasungarriagoa", "seguruagoa" eta "atseginagoa" izatea. Era berean, mugikortasun jasangarriaren aldeko keinu bat ere bada proiektua. Egitasmoaren bidez, ikasleak oinez eta taldean joango dira eskoletara, eta funtzionamenduaren itxuragatik, oinezko autobusa izena ere jarri diote antolatzaileek proiektuari: izan ere, irteera puntu eta ordutegi zehatzak izango ditu talde bakoitzak, eta geralekuak ere izango dituzte bidean zehar, ume gehiago taldera batzeko. Hori guztia gauzatu ahal izateko, guraso boluntarioak izango dituzte talde bakoitzean, haurren segurtasuna bermatzeko.
Gurasoei deia
Ikasleak eskoletara oinez joateko irteera puntuak eta ordutegiak zehaztuta daude dagoeneko. Antolatzaileek sei irteera puntu finkatu dituzte: Altzibarko Anaitasuna plaza, Txalonerreka auzoa, Floreaga auzoko parkea, Santa Klara kalea, Altamira auzoa eta Trenbidearen Zumardia kalea. Egitasmoaren bidez, sei puntu horietatik abiatuko dira oinezkoen autobusak, bakoitza ezarritako orduan, eta dagoeneko diseinatuta dauden lau ibilbide jarraituz iritsiko dira horiek dagozkien eskoletara. Hori horrela izanik, sei puntuek bat egingo dute zenbait kasutan: esaterako, Altamiratik eta Trenbidearen Zumarditik abiatutako taldeek liburutegiaren parean bat egingo dute ibilbidean aurrera egiteko, eta Altzibar zein Jausoro auzoetatik doazen ikasleak Aingeru kaleko iturrian elkartuko dira eskolara elkarrekin joateko.
Bestalde, haurren segurtasuna bermatzeko, txaleko identifikatzaileak soinean jantzita eramango dituzten guraso boluntarioen laguntza izango dute horiek ibilbidean zehar. "Egitasmoak funtziona dezan, ikastetxe bakoitzean familia boluntarioen talde txiki bat osatu beharko da, txandak antolatzeaz, gorabeherak kudeatzeaz edo hobekuntzak proposatzeaz arduratuko dena", azaldu du udalak. Hain zuzen, erakundeak adierazi du joan den asteko bileran parte hartu zuten gurasoak prest agertu direla horretarako, baina aurreratu du horiekin bakarrik ezin dela gauzatu egitasmoa; guraso gehiago behar dira, alegia. Horretarako, bi ikastetxeetako gurasoei deialdia luzatuko diete orain, Eskolara Oinez egitasmoan boluntario gisa aritu daitezen eskatuz. Era berean, Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleak ere animatu dituzte proiektuan parte hartzera: "Txikiek handienen laguntza izango dute; eta handiek, berriz, txikiei laguntzeko aukera bikaina. Gainera, esperientzia dibertigarria, hezigarria eta soziala izango da haientzat", azaldu dute antolatzaileek.