Arguedasko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du gaur Itaiak

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 19a

Herriko hainbat gunetan kartelak jarrita irudikatu dute Itaiakoek azken erailketa matxista. (Itaia)

Gizon batek emaztea hil du Arguedasen, eta guardia zibilek atzo atxilotu zuten gizona, andrea hiltzea leporatuta. Hilketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du Urola Erdiko Itaiak gaurko, 19:00etarako, plazan.

Atzo emakume bat hilda aurkitu zuten bere senitartekoek Arguedasen (Nafarroa), eta guardia zibilek emakumearen senarra atxilotu zuten atzo bertan, andrea hiltzea leporatuta. Biktimak 44 urte zituen, eta atxilotutako gizonak 43 urte ditu.

Urola Erdiko Itaiak hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du gaurko, asteartea, Indarkeria matxistari aurre egin! lelo hartuta. Azkoitiko plazan 19:00etan egingo dute mobilizazioa.

Itaiak "babesa eta elkartasuna" adierazi die Arguedasen hildako emakumearen ingurukoei, eta aski dela adieraztearekin batera, indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu. Azken hilketa horri lotuta, gainera, Itaiakoek eraildako emakumearen eskela irudikatzen duen kartelak jarri dituzte herriko zenbait gunetan, Aizkibel liburutegiko autobus geralekuan eta parrokiako zimitorioan, kasu.

Udalak ere bere "gaitzespenik irmoena" azaldu du sare sozialetan gertakariaren aurean, eta "elkartasuna" adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide