Mailaz igotzeko ligaxka jokatuko du Anaitasunak

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 18a

Taldekideak, sailkapena ospatzen. (Anaitasuna)

Oihan Etxanizek egindako gol bati esker, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko ligaxkara sailkatu da Anaitasuna. Sailkapena lortzeko, gorritxoek Andoainen puntu bat batzea behar zuten, eta 1-1 berdindu dute. Arabako eta Bizkaiko bigarren sailkatuen aurka jokatuko dute orain fase hori. 

Anaitasuna futbol taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko ligaxka jokatzeko sailkatu da. Euskalduna Andoaindarra taldearen aurka jokatu zuten gorritxoek zapatuan Andoainen (Gipuzkoa), eta sailkapena lortzeko beharrezkoa zuten puntua batu zuten, 1-1 berdindu eta gero. 

Anaitasunak helburu horrekin ekin zion partidari, baina aurrean jokoan asko zuen taldearekin egin zuten topo gorritxoek; izan ere, Euskalduna Andoaindarrak mailari eustea zuen jokoan. Loren Barbado entrenatzaileak zuzendutako taldeak oso ondo hasi zuen lehia, ezin hobeto zelairatu ziren eta. Anaitasuna nagusi izan zen jokoan lehen hogei minutuetan, eta lehia kontrolpean izan zuen une oro, baloiaren jabetza bermatuta. Ezker zein eskuin hegaletatik arrisku egoerak sortu zituzten gorritxoek, baina area barruan erdiraketak errematatzeko lagunak aurkitu ezinik aritu ziren. Oihan Etxanizek gol aukera eder bat izan zuen Anaitasuna aurretik jartzeko, baina etxekoen defentsa batek kornerrera urrundu zuen baloia haren jaurtiketan.

Lehen hogei minutuak igaro zirenean, ordea, bestelakoa bihurtu zen neurketa. Etxekoek pauso bat eman zuten aurrera, eta Anaitasunaren jokoa nahastu bezainbeste eten zuten handik aurrera. Etenaldi ugari izan zituen lehiak, eta hala, Barbadorenek ezin izan zioten bere nagusitasunari jarraikortasunik eman. Dena den, Andoaingoek ez zuten abagune garbirik sortu, eta alde horretatik, eroso sentitu zen Anaitasuna. Atsedenaldira hutsean iritsi zen lehia.

Aldageletatik itzuli bezain pronto, 48. minutuan, okertu zitzaion norgehiagoka Anaitasunari, segituan egin baitzuen etxeko taldeak bat eta hutsekoaren gola. Urrundu beharreko baloi bat atzean jokatzen hasi ziren gorritxoek, eta, azkenean, guztiz okertu zitzaien jokaldia. Baloia lapurtu zuten etxekoek, areara erdiratu, eta haien ezker hegaleko gizonak gola egin zuen, jaurtiketa gurutzatuta. Hala eta guztiz ere, Anaitasunak azkar erantzun zuen, hamar minutu eskasera lortu baitzuen berdinketaren gola (61. minutua). Etxanizek area kanpotik jaurti zuen baloia etxekoen atera, eta atezainaren laguntzarekin, baloiak sareetan amaitu zuen.

Berdinketaren gola eginda lasaiago agertu zen Anaitasuna. Nolanahi ere, boladaka aritu ziren bi taldeak deman. Anaitasunaren jokoa gelditzen ahalegindu zen Andoaingo taldea, eta arazo fisikoak tarteko, lehen zatian besteko etenaldi luzeak izan ziren bigarren zatian ere. Ordea, Anaitasunak garaipena lortzeko besteko aukerak izan zituen amaitu aurretik. Garbiena, Aritz Albizurik izan zuen. Area barruan aldaratze bat jaso zuen hark, baina atera jaurtitzean etxekoen atepeko gizonarekin egin zuen topo; kornerrera urrundu zuen baloia hark.

Azken hamar minutuetan, berriz, azken saiakera egitea erabaki zuten etxekoek, eta oldarkor agertu ziren berdegunean. Bigarren gola egiteko asmoz, estu hartu zuten Andoaingoek Anaitasuna, eta pare bat aukera on ere izan zituzten garaipena lortzeko. Ordea, Alain Sudupe atezainaren esku hartzeek gorritxoen porrota ekidin zuten. Puntua, beharrezkoa zuten alea, batu zuen Barbadoren taldeak Andoainen. Aste honetan bertan amaituko da Gipuzkoako Ohorezko Mailaren sasoia, eta gero ekingo dio mailaz igotzeko ligaxkari. Mondragon taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek zapatuan (17:00).

Mailaz igotzeko ligaxka zein talderen aurka jokatuko duten jakin ahal izateko, zain egon beharko dute gorritxoek. Gipuzkoatik Anaitasuna sailkatu den moduan, Arabatik Iru-Bat Santa Lucia taldea dago sailkatuta. Halere, Bizkaiko ordezkariaren izena ezagutzea falta da. Sodupe eta Somorrostro taldeak daude ligaxkara sailkatzeko aukerekin, eta, hain justu, bi talde horiek elkarren aurka jokatuko dute zapatu arratsaldean. Sodupek 61 puntu ditu gaur-gaurkoz, eta Somorrostrok 60 puntu. Hiruko ligaxka hori irabazten duen taldeak soilik lortuko du mailaz igotzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide