Udalak asfaltatze lanak egingo ditu herriko bi kaletan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 18a

Ibaiondo kalea. (Andoni Elduaien)

Martin Deunaren kalearen zati batean eta Ibaiondo kalean egingo ditu udalak obrak datozen egunetan. Bihar bertan hasiko dira obrekin, eta lanak datorren asteartera arte luzatzea aurreikusi dute. Guztira, 198.122 euro bideratuko ditu erakundeak lan horietara.

Udalak asfaltatze lanak egingo ditu datozen egunetan herriko hainbat puntutan. Batetik, Martin Deunaren kalearen zati batean egingo dituzte lanak, zehazki, Kale Nagusia 15 zenbakiaren paretik Baztartxo antzokira arte. Bestetik, Ibaiondo kalea asfaltatuko dute, Julio Urkixo etorbidearen 7 zenbakitik Ibaiondo kalearen 16 zenbakiaren parera arte. Erakundeak azaldu duenez, lanek 198.122 euroko aurrekontua izango dute.

Obrei bihar bertan ekingo diete, gainera. Martin Deunaren kalean fresaketa lanekin hasiko dira bihar, eta etzi, asteazkena, kalea asfaltatuko dute. Kale horretako obrak amaitutakoan, Ibaiondo kalera igaroko dira beharginak, baina han bi fasetan banatuko dituzte lanak: ostegunean eta ostiralean, Julio Urkixo etorbidearen 7 zenbakiaren paretik eliz atari aurreko biribilgunera arteko errepide zatian egingo dituzte lanak; eta hilaren 25ean eta 26an, berriz, eliz atariko biribilgunetik Ibaiondo kaleko 16 zenbakiaren parera arteko eremuan. Udalak azaldu duenez, errepidea margotzeko lanei ekin aurretik astebeteko tartea utziko dute, "asfaltoak pintura behar bezala har dezan".

Lanek, eragina

Trafikoan eta errepidean eragina izango dute herri barruko obra horiek. Martin Deunaren kaleari dagokionean, esaterako, herritarrek baimenduta izango dute egunez Oteiza pilotalekuetan aparkatzea. Ibaiondo kalean, berriz, ezin izango da aparkatu hilaren 20an, 21ean eta 22an. Gainera, kale horretan errepidea moztu egingo dute; garajeetako jabeek izango dute soilik sarbidea. Garraio publikoaren zerbitzuan lanek ez dute eragingo, autobusek Ibaiondo kaletik zirkulatu ahal izango dute eta.

Martin Deunaren kalean ere egingo dituzte lanak. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide