Bueno Arenas Albacete Basket taldek esnatu du Biele ISB igoeraren ametsetik. Atzo, igandea, Albaceten (Espainia) jokatu zuten final laurdenetako itzulerako lehia bi talde horiek, eta joanekoan bezala, otsoek ezin izan zuten mendean hartu Albaceteko taldea. Hogei puntuko aldea irauli beharra zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, baina helburu horretatik urrun gelditu zen, eta 87-76 galdu zuen.
Azpeitian 60-80 galdu zuen ISBk, eta erronka zinez zaila zuen Albaceten. Etxeko taldeak konfiantzaz ekin zion partidari, haiek hasieratik utzi baitzuten argi partida beraiek zuzendu nahi zutela, jokoan bere erritmoa ezarri nahi zutela. Gainera, Nuñezen mutilek minutu batzuk behar izan zituzten jokoan sartzeko. Dena den, minutuek aurrera egin ahala eroso sentitzen hasi eta markagailuan aurretik jarri ziren otsoak. Une horretatik aurrera, neurketa bi taldeen arteko kolpe truke batean sartu ze, baina jokamolde hori ez zen ISBren beharretara gehiegi hurbiltzen; izan ere, Nuñezenek etxekoen puntu iturria emari gutxikoa izatea behar zuten. Hala, asko zaildu zitzaien Nuñezenei hogei puntuko desabantaila iraultzea. Are, etxekoek agintea berreskuratzen jakin zuten, eta hiru puntuko abantailarekin itxi zuten lehen laurdena (23-20).
Bigarren laurdenean, Albacetekoek aldea hamar punturaino handitu zuten. Egoera horrek tentsioa areagotu zuen Biele ISBren aulkian, ikusten baitzuten, minutuz minutu, hurrengo kanporaketara sailkatzea gero eta urrunago zutela. Nuñezenak saiatu ziren aldea murrizten eta lortu ere lortu zuten, baina etxekoek saskiratutako bi hirukok otsoen erreakzioa segituan eten zuten. Une horretatik aurrera, urduritasunez aritu zen Biele ISB; esaterako, epaileek Andoni Atxa kaleratu zuten eta aulkiari falta tekniko bat adierazi zioten. Albacetekoek une hori ezin hobeto baliatu zuten, eta abantaila hamasei puntura eraman zuten. Bueno Arenas Albacete Basket markagailuan bezain eroso aurkitzen zen kanporaketan, eta azkenean, 53-39 emaitzarekin jo zuten aldageletara.
Aldageletatik igaro ondoren ere etxekoek jarraitu zuten neurketa kontrolatzen. Aldea 19 punturaino handitu zuten, neurketako alderik handiena ezarriz. Bueno Arenas Albacete Basketek pixkanaka itzali egin zituen ISBren aukera izpiak, eta nahi bezala gobernatu zuen lehia. Azken hamar minutuak jokatu aurretik, hemezortzi puntuk banatzen zituen bi taldeak; kanporaketako aldea, berriz, 38 puntukoa zen, iraultzeko ezinezkoa (78-60).
Itxaropen handirik gabe ekin zion Biele ISBk azken laurdenari, baina, gutxienez, bere jokoa erakusteko gai izan zen. Etxekoek intentsitatea dezente jaitsi zuten azken laurdenean, eta otsoek egoera hori probestu zuten markagailua estutzeko eta aldea hamar puntura murrizteko. Ahalegin guztiak, baina, motz gelditu ziren otsoen taldean. Albacetekoek lan bikaina eginda lortu dute azken kanporaketara sailkatzea; ISBren aurkariak gehiago izan dira nola joanekoan, hala itzulerakoan, eta merezimendu guztiarekin lortu du aurrera egitea. Azkoiti-Azpeitiko taldeko onena Thierry Sagna izan zen atzo, 18 puntu batuta eta 27 puntuko balorazioa eskuratuta.
Nahiz eta amestutako helburua ez lortu, Biele ISBk baditu harro egoteko moduko arrazoiak. Lesioek-eta eraginda, asko sufritu du taldeak denboraldian zehar, bereziki, 2026. urtearen hasieran, orduan asko kostatu zitzaien-eta garaipenak lortzea. Maila igoeragatik borroka egiteko urrats bakar batera gelditu da Nuñezen taldea, eta horrenbestez, datorren denboraldian ere Bigarren FEB Mailan arituko da.
Igoerarik ez Disdirak
Disdira Bitxitegia ISBk, bestalde, Espainiako Hirugarren FEB Mailara igotzeko gizonen lehen mailako sailkapen fasea jokatu du asteburuan, Azkoitiko Elkarguneko kantxan. ISBk Vascons Getxo taldearen aurka jokatu zuen finalerdia, eta David Rodriguezek zuzendutako taldeak 84-89 galdu zuen. Hala, Espainiako Hirugarren FEB Mailara igotzeko borrokatik kanpo gelditu da taldea.