Suhar Gesalagak eta Eli Zalduak jantzi dute Gaztetxeak Bertsotan sariketaren txapela

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 17a

Hiru bikotek jokatu zuten atzo Gaztetxeak Bertsotan sariketaren finala Azkoitian, eta Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua nagusitu ziren saioan. Bertso finalari lotuta, egun osoko egitaraua prestatu zuen Azkoitiko Gazte Asanbladak atzorako, eta dozenaka lagunek egin zuten bat egitasmoarekin. 

Gaztetxeak Bertsotan sariketaren finalak hartu zuen atzo gauean Azkoitiko Gaztetxea, eta Suhar Gesalagak eta Eli Zalduak jantzi zuten txapela, umorea nagusi izan zen bertso saioan. Haiekin batera abestu zuten Aitor Tatiegi eta Iradi Barrenetxeak zein Haira Aizpurua eta Ander Sarriugartek osatu zuten bikoteek, eta horiek ere jaso zuten saririk: Tatiegik eta Barrenetxeak bi pertsonentzako afaria irabazi zuten, eta Azkoitiko Gazte Asanbladaren saria, berriz, Aizpuruak eta Sarriugartek jaso zuten; Kaku zakelaren mozorro bana, alegia. 

Zaleek Gaztetxea goraino bete zuten atzoko finala ikusteko, eta Iñaki Goenaga zein Nora Unanue gai jartzaileek gidatuta egin zituzten bertsoak hiru bikoteek. Ohiko lanak ez ezik, askotariko ariketak egin zituzten bertsolariek, hainbat jolasetan oinarritutakoak zein segidillak, besteak beste. 

Gaztetxeak Bertsotan txapelketaren finalaz gain, ordea, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Azkoitian elkartu ziren dozenaka gaztek. Brindisarekin eman zioten egunari hasiera, eta ondoren, bazkaritarako elkartu ziren Kontzejupean. Ondoren, Berun musika taldeak girotu zuen pilotalekua, eta horren ondotik, bertsoen txanda iritsi zen: bertso poteoa egin zuten tabernaz taberna Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga, June Aiestaran eta Maddi Sarasua eta Gorka Pagonabarra eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin. Bertso finalaren ondoren, berriz, Ameba eta Sekule taldeen kontzertuak izan ziren Zurt tabernan. 

(Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide