Azkoitiak indarrez hasi du Gipuzkoako Herriarteko lehia

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 16a

Oteizako eskuzko pilotariek zein palistek atzo hasi zuten Gipuzkoako Herriarteko txapelketa, eta talde batak zein besteak 2-1 irabazi zituen final zortzireneko joaneko partidak. 

Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketari ekin zion atzo. Oteizako kideek, eskuzko pilotariek zein palistek, final zortzirenetako joaneko partidekin hasi zuten lehia, eta biek garaipen bana erdietsi zuten Zegamaren zein Zarautzen aurka, hurrenez hurren. 

Azkoitiko eskuzko taldeak etxean hasi zuen Gipuzkoako Herriarteko lehia atzo gauean; etxean, eta nagusitasunez, 2-1 garaitu baitzuen Zegamako taldea. Kadeteen mailan, Joanes Juaristik eta Denis Santosek ezin izan zuten Zegama mendean hartu, eta hark aise irabazi zuen Gureako lehen partida: 22-4. Ordea, oso bestelako norgehiagokak ikusi ahal izan ziren gazteen zein nagusien mailetan: gazteetan, Jon Arregik eta Julen Etxanizek 22-12 irabazi zuten, eta nagusietan, Azkoitikoak aise nagusitu ziren kantxan, Zegamak tanto bakar bat eginda, 1-22 amaitu baitzen haien neurketa. 

Eskuzkoan bezala, gomazko paletan ere bi partida irabazi zuten Azkoitiko ordezkariek, eta bat galdu. Zarautzen hasi zuten horiek Herriarteko txapelketa, eta lehen partidan, kantxa osoan, 7-20 irabazi zuen Iker Epeldek. Bigarren partida, binakakoa, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak jokatu zuten, baina horiek 20-16 galdu zuten partida. Azkenik, zazpi koadroren barruan lehiatu zen Jokin Aizpuru, eta hark 5-20 irabazi zuen.

Horrenbestez, Azkoitiko ordezkariek indarrez hasi dute Herriarteko txapelketa, eta eskuzkoek zein palistek 2-1 irabazita jokatuko dituzte datorren astean final zortzireneko itzulerako partidak. Eskuzko taldeak Zegaman jokatuko du, eta gomazko palistek, etxean.

(Argazkiak: Ane Olaizola eta Zezilio Salas) 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide