Eraldatzen taldeak 'Gorrixek' abestia egin dio Anaitasunari

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 15a

Eraldatzen musika taldeko kideak, Txerloia futbol zelaian. (Anaitasuna)

Klubaren proposamena onartuta sortu du kanta laukoteak, herriaren alde bere aletxoa jartzeko modu ona irudituta. Anaitasunari borobila iruditu zaio abestia.

Eraldatzen musika taldeak abesti bat eskaini dio Anaitasuna futbol taldeari: Gorrixek. Joan den astean eman zuen argitara abestia, Azkoitiko futbol taldearen goitizenari men eginez. Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarrak, Oihan Otaegi (baxua) eta Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrek eta Mikel Indo (bateria) donostiarrak osatzen duten laukoteak metala oinarri duten doinuak jorratzen ditu, punk eta rock doinuekin batera, euskaraz eta zuzen, eta duela urtebete eskas kaleratu zuten taldearen izen bera daraman lehen lana. Orain, ordea, bestelako lanketa baten barruan sortu dute Anaitasunarentzako abestia. Otaegik azaldu du futbol taldeak luzatu ziela abestia egiteko proposamena, eta onartu egin zutela: "Klubaren azken aldiko bolada onari bultzada bat ematea izan da asmooa, eta modu batean, herriaren alde gure alea jartzeko aukera ona iruditu zaigu". 

Taldekideek argi zuten abestiak "melodia eta mezu nagusi itsaskorrak" izan behar zituela, "ohi baino gordinagoa edota punkiagoa" izan behar zuela. "Asmo horiek abiapuntu hartuta, ideia ezberdinak lantzen hasi ginen eta ordu gutxiren ondoren kantua ia-ia osatuta utzi genuen. Hitzei azken ukituak eman, instrumentuetan detaileren bat aldatu eta, ohikoa ez den bezala, taldekide denak oso gustura gelditu ginen emaitzarekin". 

Hala, abesti "zuzena" eta "indartsua" osatu dutela ziurtatu du Otaegik, "taldearen izaerarekin bat" egiten duena. Eta lotura hori egiteko ezinbestekoa izan da hitzen bidez eman duten mezua. "Mezua sinplea da, herritik eta herriarentzat egindakoa. Klubaren identitatea definitzen duten hitzekin jokatu dugu, hala nola Txerloia, Anai, gorrixek, neska-mutilak... Eta nola ez, abestiaren amaieran Juli Arregiren irrintzia sartu dugu, horrek duen esanahi guztiarekin. Eskerrak eman beharrean gara Juliri", esan du baxu jotzaileak. Bi taldeen "balioek bat" egiten dutela nabarmendu du azpeitiarrak. "Herriarekiko loturak, harrobiarekiko apustuak, konpromisoak nahiz talde lanak, eta nola ez, euskarak lotzen gaitu bi taldeak".

"Kasualitatez" sortutako ideia

Anaitasunako presidente Ibon Osinalderi ere "indartsua" iruditzen zaio abestia, eta denboraldiaren bukaeran taldeari "bultzada" emateko egokia dela uste du. "Kasualitatez" otu zitzaien kanta sortzeko ideia: "Ezer ez genuen aurrez antolatuta, baina Eraldatzeneko bi kide lankide ohiak ditut, eta haiekin kafe bat hartzen ari nintzela piztu zitzaidan bonbila". Ideia gustatu egin zitzaien, eta horrelaxe egin zuten kanta.  

Anaitasunako kideek buruan zutena kantara eraman dute Eraldatzenekoek. "Guk nahi genuena islatu dute bai musika aldetik, bai hitzetan. Guk lagundu dugu zerbait, baina dena taldearen lana izan da". Aurreko larunbatean estreinatu zuten kanta, eta izan zuen harrerarekin "gustura" da Osinalde. "Kantari bere lekua eman genion larunbatean Txerloian. Partida garrantzitsua jokatu zuten Anaitasunako gizonek, Zubeldiari [Realeko jokalari azkoitiarra] omenaldia egin zitzaion, eta dena borobildu ahal izan genuen kantarekin. Dena borobildu ahal izan genuen". 

Hemen entzun daiteke abestia:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide