Azkoitiko errepideetatik igaroko da Euskal Herriko Itzulia, bihar

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 14a

Itzulia Azpeititik igarotzen, 2024an.

Zarautzen hasi eta bukatuko da Emakumeen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, bihar, eta tartean, Azkaratetik eta Azkoitiko saihesbidetik igaroko da, 11:30 aldean. 

Emakumeen Euskal Herriko Itzulia jokatuko dute bihar hasi eta igandea bitartean, eta Zarautzen hasi eta amaituko den lehenengo etapak Azkoitiko lurrak zapalduko ditu, eskualdeko zein inguruotako beste askoren artean. 

Lurraldeko egutegiko ohiko errepideetan egingo da biharko etapa, eta mendate handirik gabeko ibilbidea izango bada ere, igoera etengabeak eta atsedenik gabeko tarteak izango ditu. Zarauztik Getariarako bidea hartuko du tropelak 10:16ean, eta handik Zumaia eta Arroabea zeharkatuko ditu, Itziarrerako bidea hartzeko. Hain zuzen, handik Azkaratera joango dira txirrindulariak: mendatea 11:29ak aldera igoko dutela aurreikusten da, eta handik Azkoitira jaitsiko dira. Abiadura handian badoaz, herritik 11:39tik pasako dira, Loiolarantz jarraitzeko.

Trafikoan eragina

Txirrindularien joan-etorriak eragina izango du eskualdeko trafikoan. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak azaldu duenez, zirkulazioan etenak egingo dituzte txirrindulariak pasatuko diren puntu guztietan, eta informatu dutenez, etenek 30 minutu inguru iraungo dute, eta zirkulazioa bere onera itzuliko da bandera berdeekin identifikatutako Ertzaintzaren motozikleta igarotzean. Azkoitian, Azkarateko mendatean eta saihesbidean trafikoa moztuko dute Itzulia igarotzen den tartean. 

Trafiko zuzendaritzaren arabera, eragin handienak biharko etapan puntu hauetan izango dira, eskualdean:

  • N-634 errepidean, Zarautz eta GI-638ko bidegurutzearen artean, 09:45etik aurrera.
  • GI-2634 errepidean, Azkarate mendatearen hasieraren eta Azkoitiaren artean, 10:50etik aurrera.
  • GI-631 errepidean, Azpeitia eta GI-2635 artean, 11:00etatik aurrera.
  • GI-2635 errepidean, Azpeitia eta Beizamako bidegurutzearen artean, 11:15etik aurrera.
  • GI-3720 errepidean, Beizama eta GI-2634 artean, 11:20tik aurrera.
  • GI-2634 errepidean, Bidaniko mendatearen eta Aizarnako bidegurutzearen artean, 11:40tik aurrera.
  • GI-3730 errepidean, GI-2634ko eta GI-2633ko bidegurutzeen artean, 10:00etatik aurrera.
  • GI-2633 errepidean, Garate mendatetik Getariaraino, 12:25etik aurrera.
  • N-634 errepidean, Getaria eta Zarautz artean, 12:30etik aurrera.

AP-8ko ordainlekuak

Aldundiak, bere aldetik, Itzuliak AP-8ko ordainlekuetan izan dezakeen eraginaren berri eman du. Hala, bihar, ostirala, Zarauzko ordainlekuan ilarak sortu daitezkeela esan du, etapa kostaldeko herrian hasi eta amaitzen delako. 

Igandean, berriz, Itzuliaren hirugarren etapa igaroko da Oriotik, eta AP-8ko Orioko ordainlekua itxita egongo da igandean, 12:30etik 13:30era bitartean, sarreran zein irteeran, tropela bertatik pasatu arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide