Azkoitiko Udalak zabalik ditu diru laguntzen hainbat deialdi

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 14a

Udalaren deialdien artean, Euskara sailak zabaldu du berea. Enpresetan euskara planak sustatzeko, euskara ikasteko, EHUren zein UEUren ikastaroetara joateko edota saltoki zein enpresetan euskararen presentzia indartzeko hainbat diru laguntza emango ditu. 

Azkoitiko Udalak diru laguntzak eskatzeko hainbat deialdi zabalik ditu, hala nola euskara sustatzeko, gobernuz kanpoko erakundeek programak garatzeko, zein kultur, kirol eta festa jardueretarakoak, eta interesa dutenek udalaren webgunean kontsulta ditzakete deialdi bakoitzaren epeak eta tramitazioak. 

Horien artean, Euskara sailak aurtengo diru laguntzen deialdia abiatu du, besteak beste, herriko enpresetan euskara planak sustatzeko, euskara ikasteko, EHUren zein UEUren ikastaroetara joateko edota saltoki zein enpresetan euskararen presentzia indartzeko. 

Enpresetan euskara planak sustatzeko laguntza eskatzeko azken eguna uztailaren 15a izango da, eta enpresek, gehienez, 2.000 euro jasoko dute udalaren eskutik; Eusko Jaurlaritzak xede berarekin emandako laguntzaren osagarri da.

Bestalde, euskara ikasleek matrikularen zenbateko osoa jaso dezake udalaren diru laguntzarekin, eta UEUren eta EHUren ikastaroetara joateko, berriz, matrikularen kostuaren %75a ordainduko zaie ikasle, langabetu, erretiratu nahiz pentsiodunei, eta %25a lanean ari direnei. Azken bi diru laguntza ildo horiek finantzatzeko, 45.000 euroko diru poltsa du udalak, eta interesa dutenek irailaren 30era bitartean egin dezakete eskaera. 

Saltokietan edo enpresetan errotuluak edo irudi korporatiboa euskaraz jartzeagatik, webgunea euskaratzeagatik, programa informatikoak euskara hutsean jartzeagatik edo publizitatea euskaraz egiteagatik ere eska daitezke diru laguntzak, eta horretarako azken eguna urriaren 31 izango da.

Euskarari dagozkion diru laguntzen zein beste esparrutakoen inguruko informazio osoa azkoitia.eus atariaren diru laguntzak atalean aurki dezakete herritarrek, eta zalantzak argitzeko, 943-54 20 02 telefono zenbakira hots egin dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide