Udaberriko Musikaldiak aurrera jarraitzen du Santa Kutz komentuan, eta zikloaren hirugarren larunbateko protagonista izango dira Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Juan Laboreria baritonoa eta Iñaki Salvador piano jotzailea. Musicales con huella (Aztarna uzten duten musikalak) izeneko emanaldia aurkeztuko du hirukoteak, hainbat antzerki musikaletako piezak taularatuko baititu, hala nola Strike up the Band musikaleko The man I love abestia, West Side Story laneko One hand, one heart eta Chicago musikaleko All that jazz abestia.
Hain zuzen, kontzertuak irratsaio forma hartuko du, eta hori irudikatuz, interpreteek antzerki musikaleko pieza aukeratuak aurkeztuko dituzte, testu literario eta poetikoak, artikuluak, kritikak, eszena txikiak zein burutazioak uztartuz eta "abestien zentzua areagotuz".
Haien hitzetan, genero musikalen unibertsoan bidaia eklektikoa egingo dute, eta Amerikako zein Europako musika obretan arreta, “une historiko nahasiak islatzen dituzten gaiak eta giza kondizioa ardatz duten obrak” hautatu dituzte larunbaterako. Hori horrela, taldearen asmoa da ikuslea testuinguruan murgiltzea, beste esperientzia aberastea eta proposatzen duen "hegaldi poetikora" gonbidatzea.
Ohi bezala, doako autobus zerbitzua izango da Santa Kutzera joan-etorria egiteko:18:00etan aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko geralekutik, eta kontzertua amaitzean herrigunera itzuliko da.