Iraurgi Berritzenek sustatuta, Elkarrekin eraikitzen egitasmoa osatu dute eskualdeko bost ikastetxek: Azkoitiko Floreaga Salestar Ikastetxeak eta Azkoitia BHIk, eta Azpeitiko Izarraizpe BHIk, Iraurgi Ikastetxeak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak. Besteak beste, industria, ekintzailetza, turismo eta gizarte zerbitzu arloetako kasu ezberdinak landu dituzte ikasturtean zehar, eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutuz. Guztira 242 ikaslek parte hartu dute egitasmoan, 65 lantaldetan banatuta, eta baita 31 eragile sozioekonomikok ere.
Egitasmoaren amaiera ekitaldia izan da gaur Elkargunean, eta bertan, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkeztu dituzte. Ekitaldian izan dira Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta eragile ordezkariak ere, eta ikasleek landu dituzten proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Ikasleek egin dituzten proiektuak aurkeztu ostean, mahaingurua egin dute prozesuan zehar izandako esperientziak trukatzeko eta balorazio bat egiteko.