Datorren igandean, maiatzaren 17an, itxiko dute Bi minutu literatur lehiaketan izena emateko epea. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako txapelketa honetan, parte hartzaileek bi minutu azpitik irakur daitezkeen testuak aurkeztu beharko dituzte: gehienez 200 hitzetako idazlanak izan beharko dira, izenburua kontuan hartu gabe. Urteroko legez, 16 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete lehiaketan, eta, gainera, lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango dute.
Partaideek posta elektronikoz bidali beharko dituzte euren lanak, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora. Mezuan, alde batetik, egilearen datu pertsonalak azaldu beharko dira, eta bestetik, sortutako idatzia. Zalantzak izanez gero, posta elektroniko horretara idatziz argitu daitezke.
Sariak egongo dira lehen hiru sailkatuentzat: irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 250 euro, eta hirugarrenak 150. Horrez gain, epaimahaiak gehienez zazpi aipamen berezi hautatzeko aukera izango du, eta horiek bina bonu jasoko dituzte datorren urteko Geure Gelatik liburu azokan gastatzeko. Era berean, saridunek zein aipamen berezia jasotzen duten partaideek 2027ko Geure Gelatik azokan beren testua irakurriko dute bertan egiten duten irakurraldian.