Ostiralean hasiko du Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Bai eskuzko taldea, bai gomazko paletakoa final zortzirenetan sartuko dira txapelketan, baina aurkari desberdinak izango dituzte: eskuzko taldeak Zegama izango du kontrario, eta gomazko paletakoak, Zarautz.
Oteiza pilota elkarteko bi taldeei etxetik kanpo jokatzea egokitzen zitzaien kanporaketaren joanekoa, baina eskuzko taldeak etxean ekingo dio aurtengo lehiari, ostiralean 21:00etan jokatuko du-eta Gurea frontoian. Sarrera doan izango da pilotazaleentzat. Zegaman (Gipuzkoa) Zegama-Aizkorri mendi lasterketa jokatuko dute igandean, eta proba horren antolakuntzak eraginda, kanporaketari Azkoitian ekitea erabaki dute bi herriek.
Aurtengo eskuzko txapelketarako izena eman duten 24 taldeetako bat izango da Azkoitikoa. Guztira, hemezortzi pilotarirekin hasiko du finalerako bidea Oteizak. Kadete mailan, Denis Santos, Ekain Juaristi, Xanet Arana, Joanes Juaristi eta Aritz Lizarralde izango dira Oteizakoen ordezkariak; gazte mailan, Jon Arregi, Imanol Bastida eta Julen Etxaniz; eta nagusietan, Mikel Aranbarri, Aitor Azkoitia, Iñaki Azkoitia, Alex Juaristi, Jon Juaristi, Aitor Oteiza, Jon Oteiza, Inhar Egaña eta Alejandro Juaristi.
Txapelketa irabazteko faboritoen adarrean arituko da Azkoitian; besteak beste, iazko Oiartzun txapelduna zein Hernani txapeldunordea eta Azpeitia daude Azkoitiaren adar berean. Ordea, Oteizakoek aurkari horien aurka jokatuko lituzketen balizko kanporaketetara sailkatzeko, aurrena Zegama menderatu beharko dute. Zegama Antzuolari 4-2 irabazita iritsiko da Azkoitiaren aurkakora. Nola etxean, hala kanpoan, bi partida irabazteko gai izan ziren Zegamakoak Antzuolaren aurkako deman.
23. aldiz iritsi nahi du aurten Azkoitiak finalera, eta bere hamazazpigarren txapela jantzi –Azkoitiak ditu txapel gehien Herriartekoaren eskuzkoan–. Oteizakoak final laurdenetara sailkatuko balira, Aia-Oiartzun kanporaketako irabazlearekin neurtu beharko lituzkete indarrak. Kasu horretan, kanporaketa etxetik kanpo hasiko lukete pilotari azkoitiarrek, eta Gurean ebatziko lukete finalerdietarako sailkapena.