Gipuzkoako V. Erroten Eguna ospatuko da datorren igandean, maiatzaren 17an. Ospakizunari lotuta, Azkoitiko Aingeru Guardan dagoen Egurbide errota bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Bi txandatan egingo dute bisita gidatua errotara: 11:00etan eta 12:00etan.
Ekintzan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Azkoitiko Udalaren Kultura sailean; bisita doakoa den arren, parte hartu ahal izateko plaza "mugatua" da. Izena emateko bi aukera daude, kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu.
Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak osatzen dute Egurbide monumentu multzoa, XVII. mende hasierakoak dira horiek. Multzo horren parte dira XVIII. mendeko Aingeru Zaintzaile santuaren ermita eta XVI. mendeko Egurbideko errota nahiz burdinola. Gainera, Eusko Jaurlaritzak 2008ko maiatzean izendatu zuen hura Sailkatutako Kultura Ondasun erako monumentu multzo bezala.