Hilaren 31n egingo dute Iñaki Beitia mendi martxa, eta zabalik da izen ematea

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 13a

Hainbat parte hartzaile, Aizpurutxoko frontoian. (Iñaki Beitia)

Urretxu-Zumarragan hasi, Azkoitiko zenbait gailur igaro eta atzera Zumarragara itzuliko dira parte hartzaileak egun horretan. Aste honetan mendi martxarako izena aurrez aurre eman ahalko da soilik, baina datorren astetik aurrera baita online ere. 10 euro ordaindu beharko da izen ematea. 

Iñaki Beitia mendi martxaren 28. aldia maiatzaren 31n egingo dute, mendizaleentzako eta naturazaleentzako urteroko hitzordua. Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da martxa beti lez, 07:00-07:30era inguruan. Aurten, 30 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela duen bideari egin beharko diote aurre parte hartzaileek. Izazpi (973 metro), Pagotxeta (750 metro), Samiño (927 metro), Oñamendi (832 metro), Aizpurutxo (220 metro), Trekutz (700 metro) eta Irimo (903 metro) igaro beharko dituzte, atzera irteera puntura itzuli aurretik.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko zabaldu dute izen ematea. Ostadar mendi elkartean eta Zumarragako Ispilla, Urretxuko Aldiri nahiz Legazpiko Bikuña kiroldegietan ireki dute izena aurrez aurre emateko aukera, baina datorren astelehenetik aurrera Iñaki Beitia mendi martxaren webgunean ere eman ahal izango da izena online. Bi kasuetan maiatzaren 29an itxiko dute izena emateko epea, eta 10 euro ordaindu beharko da. Nolanahi ere, lana errazteko asmoz, herritarrak izena aurrez kiroldegietan ematera animatu ditu antolakuntzak, hala martxaren egunean izena ematean txartelak jasotzeko sor daitezkeen ilarak saihesteko.

Era berean, antolakuntzak parte hartzaileei eskatu die mendi martxara bakoitzak bere edalontzia eraman dezan. "Horrela plastiko eta hondakin gutxiago sortuko da, eta natura hobeto zaintzen lagunduko dugu", adierazi dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide