Seigarrenez egingo dute moto topaketa zapatuan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 12a

Dozenaka motozale bildu ziren iaz ere topaketan. (Aitziber Arzallus)

10:30ean abiatuko dira eskualdean zehar itzuli bat ematera, eta 13:00etan itzuliko dira herrira. Txikiteoa eta bazkaria egingo dituzte gero. Bazkaltzeko izen ematea ostiralean itxiko dute.

Datorren zapatuan, seigarrenez egingo dute moto topaketa Azkoitian. Bikers Urola Kosta taldeak antolatu du topaketa, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, eta ohi bezala, ibilbide bat eginez hasiko dute eguna. 09:30ean zabalduko dute topaketan izena eman duten kideentzako txartela jasotzeko mahaia plazan, eta ordubete geroago abiatuko dira moto gainean bira ematera.

Eskualdeko hainbat txoko zapalduko dituzte motoarekin, eta 13:00erako aurreikusi dute Azkoitira itzultzea. Ondoren, txikiteoa egingo dute herriko zenbait tabernetan, eta 14:30ean, bazkaria egingo dute Geltoki jatetxean. Bazkaria 20 euro ordaindu beharko da, eta otorduan parte hartu nahi duenak ostirala baino lehen eman beharko du izena.

Antolatzaileek adierazi dute 40 lagunentzako plazak zabaldu dituztela bazkaltzeko, eta azkeneko batzuk baino ez direla gelditzen betetzeko. Izena emateko, zumaiabikers@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide