LGTBI+ kolektiboak bizi duen errealitatearekiko ideiak eta iritziak bilduko dituzte etzi, Elkargunean

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 12a

Herritarren ideiak eta iritziak ere jaso nahi dituzte foroan. (Pixabay)

Ibai Fresnedo Moreno gizarte dinamizatzaileak eta sexu hezitzaileak dinamizatuko du foroa. Elkargunean izango da saioa, 18:30ean hasita. Herritarren ideiak eta iritziak ere jaso nahi ditu erakundeak, LGTBI+ kolektiboak Azkoitian bizi duen errealitatea ezagutzeko udala garatzen ari den diagnostikoa osatzeko.

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da datorren igandean, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko eguna. Udaleko Berdintasun arloak sustatuta, lesbianek, gayek, transexualek, bisexualek, intersexualek eta gainerako sexualitate ez-normatiboek Azkoitian bizi dituzten errealitateak ezagutzeko diagnostikoa egiten ari da erakundea. Orain, lanketa osatu nahi dute, eta testuinguru horretan, foro irekia egingo dute etzi, 18:30ean, Elkargunean.

Ibai Fresnedo Moreno gizarte dinamizatzaileak eta sexu hezitzaileak dinamizatuko du foroa. Hiruki Larroxaren sortzaileetako bat da hura, baita Noiz bukatzen da armairua? liburuaren egileetako bat ere. Inkestak eta elkarrizketak egin dituzte diagnostikoa osatzeko, baita testigantzak jaso ere. Etziko foroan, baina, herritarren ideiak eta iritziak ere jaso nahi ditu erakundeak.

Hori hala, udalak herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera: "Garrantzitsua da sentsibilizazio lanarekin jarraitzea, diskriminazio ezaren mezua zabaltzea, eta sexu nahiz genero aniztasuna ikusaraztea, esparru baztertzaileak desagerraraziz. Pertsona guztiek seguru sentitu behar dute, eta askatasunean zein berdintasunean bizitzeko aukera izan behar dute. Horretarako ari gara lanean; eskubideez ari gara", adierazi du Mertxe Zubillaga zinegotziak.

Ikuspegiari buruz egin den inkesta baten arabera, azken datuek erakusten dute kolektibo horrekiko diskriminazioak bere horretan dirauela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %15 inguruk adierazi du azken urtean diskriminazioren bat pairatu duela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei. Udalak azaldu du, gainera, gorroto diskurtsoen aurkako ahotsa "urteko egun eta toki guztietan altxatu" behar dela, berdintasun erreala "kili-kolo" dagoen bitartean. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide