Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren hurrengo irteeraren berri eman du Anaitasuna mendi bazkunak: oraingo honetan, Zangoza (Nafarroa) aldera joko dute, eta Orreagatik Orbaizetako fabrikara arteko bidea egingo dute, tartean, Urkulu, Azpegi eta Mendilatz zeharkatuz. Datorren igandean izango da ibilaldia, eta parte hartzaileek izena eman dezakete dagoeneko.
Mendizaleek Orreagan hasiko dute ibilaldia, eta guztira, 16,5 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea egingo dute. Hain zuzen, XIX. mendearen amaierara arte martxan egon zen Orbaizetako arma fabrikan amaituko dute txangoa.
Orreagara autobusez joango dira irteeran parte hartzen dutenak, eta 07:00etan abiatuko dira hara, liburutegiaren ondoko geralekutik. Horrenbestez, aurrez izena eman behar da, formulario hau beteta. Bazkideek 15 euro ordainduko dute, eta gainontzekoek 20 euro.