Anaitasunak eskura du mailaz igotzeko kanporaketetara sailkatzea

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 11

BeƱat Garmendia, epailearen aginduaren zain. (Anaitasuna)

Loren Barbadoren gizonek 5-0 menderatu zuten zapatuan Deusto, eta bigarren postua kasik ziurtatuta dute. Kasu horretan, Arabako eta Bizkaiko bigarren sailkatuen aurka jokatuko dute kanporaketa, eta hiruretan onenak lortuko du Espainiako Hirugarren Federazio Mailara igotzea. Emakumeen, taldeak, bestalde, agur esan dio denboraldiari, etxean Euskal Kopako lehen kanporaketan Oiartzunen aurka galduta.

Anaitasuna futbol taldeak beste urrats bat egin du aurrera mailaz igotzeko borrokan, zapatuan 5-0 menderatu zuten-eta gorritxoek Deusto. Taldea matematikoki Espainiako Hirugarren Federazio Mailara zuzenean igo dadin lehen postua lortzeko aukerarik gabe gelditu bada ere –Real Unionek lortu mailaz igotzea–, Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak esku-eskura du igoerako kanporaketak jokatzea ahalbidetuko duen bigarren postua. 

Sailkapeneko azken sailkatuaren aurka aritu zen Anaitasuna, baina partida ona egin zuen, emaitza aparta berretsiz. Neurketako zenbait unetan joan-etorriak ekidin eta jokoaren kontrol handiagoa izan bazezakeen ere, zailtasunik berezirik gabe atera zuen aurrera lehia Barbadoren taldeak. Goiz hartu zuen aurrea markagailuan Anaitasunak, Carlos Juaristi erdilariak ezin hobeto probestu baitzuen Oihan Etxanizek hirugarren minutuan emandako pasea. Lehen zatiaren ekuatorean, berriz, bigarrena egin zuten gorritxoek: Jokin Errazuk ez zuen barkatu Julen Aramendiren oparia. 

Bi eta hutsekoarekin hartu zuen taldeak aldageletarako bidea, eta baina bigarreneko ordu laurdena betetzerako guztiz erabakita utzi zuen Anaitasunak. Julen Larramendik ezker hegaletik indarrez erdiratu zuen baloia areara, eta Deustoko jokalari batek bere atean sartu zuen, hura urruntzen hasita. Emaitza aldekoa izanagatik ere, Barbadorenek ez zuten erritmoa jaitsi, eta handik gutxira egin zuen arratsaldeko laugarren gola. Gainera, Juaristik bere bigarrena egin zuen, area barruko aldaratze batean aurkariei aurrea hartuta. Amaierarako hamar minutu falta zirela, berriz, Jakes Diazek egin zuen gorritxoen arratsaldea borobildu zuen bosgarrena; kontraerasoan atera ziren Barbadoren gizonak, eta Aramendik pasea emanda, Diazek ez zuen hutsik egin. 

Sasoia amaitzeko bi partida falta zaizkio Anaitasunari, eta horietako batean puntu bat batzea aski izango sailkapeneko bigarren postua ziurtatzeko. Aste honetan, maila ez galtzeko borroka betean murgilduta dagoen Euskalduna Andoaindarra taldearen aurka jokatuko dute gorritxoek, eta azken jardunaldian, Mondragon jasoko dute, Txerloian. Bigarrenez eginez gero, Anaitasuna Espainiako Hirugarren Federazio Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatuko da. Arabako eta Bizkaiko Ohorezko Erregional mailetako bigarrenen aurka aritu beharko du orduan. Arabako aurkaria Iru-Bat Santa Lucia taldea izango da, eta Bizkaikoa Somorrostro edo Sodupe. 

Akabo denboraldia

Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzentzen duen emakumeen taldeak, bestalde, Euskal Kopako kanporaketako partida jokatu zuen atzo, igandea, Txerloian, eta 1-2 galdu zuen Anaitasunak Oiartzunen aurka. Euskal Ligaren denboraldia amaituta, kopako ibilbidea hasi zuten gorritxoek, baina dema galduta, amaitu zaie denboraldia.

Lehiakor zelairatu zen taldea berdegunera, presio lan gogorra eginez. Gainera, baloi luzeen bidez min egin zuen taldeak, eta 8. minutuan hartu zuen aurrea. Eskuin hegalean baloia lapurtu eta gero, Aretha Azkuek lortu zuen bat eta hutsekoaren gola. Aurkariak baloia mugituz saiatu ziren Anaitasuna bere zelaian sartzen, baina ez zuten horretarako aukera garbirik egina. Dena den, 20. minutuan bai, orduan lortu zuten banakoaren gola egitea. Minutuek aurrera egin ahala, gainera, nekearen zantzuak gero eta agerikoagoak izan ziren, baina gorritxoek eutsi zioten Oiartzungoen bultzadari. 

Atsedenaldira banako emaitzarekin ailegatu ziren, baina bigarren zatian bestelakoa izan zen egoera. Anaitasuna bere zelaian kokatu zen hasieratik, metro batzuk atzerago, baina erosoago aurkitu zen hala. Hala eta guztiz ere, epaileak Anaitasunaren aurkako penaltia adierazi zuen, area barruan Oiartzungo aurkari bat zangotrabatu zuelakoan. Aukera hori ez zuten alferrik galdu bisitariek, eta aurretik jarri ziren.  

Lehia maldan gora jarri zitzaien gorritxoei, baina Oruerenek borroka egin zuten, gutxienez, berdinketaren gola lortu ahal izateko.Aukera bat edo beste izan zituen Anaitasunak horretarako, baina, azkenean, Oiartzunek lortu zuen garaipena Txerloian. Porrotarekin, Euskal Kopatik at gelditu da Anaitasuna, eta hala, amaitutzat eman dute denboraldia.

Taldekideek denboraldi amaierako argazkia atera zuten lehia bukatutakoan. (Anaitasuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide