Haizea kontra, ezer onerako

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 11

Aizpitarte izan zen etxeko taldeko onena. (Mikel Amenabar 'Otola')

Bueno Arenas Albacete Basket taldeak 60-80 gainditu zuen atzo Biele ISB, Azpeitian, Lehen FEB Mailara igotzeko bigarren joaneko partidan. Hogei puntuko desabantailarekin ekingo dio itzulerako partidari Iñigo Nuñezen taldeak. Datorren igandean jokatuko dute bigarren dema, Albaceteko (Espainia) Parke kantxan.

Biele ISBk kale egin du Lehen FEB Mailara igotzeko bigarren kanporaketako joaneko partidan, eta ikaragarri zaildu zaio orain helburua. Iñigo Nuñezek zuzentzen duen taldeak hogei puntuko aldeagatik, 60-80, galdu zuen Bueno Arenas Albacete Basket taldearen aurka atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian.

Partida bizia izan zen hasiera-hasieratik, bi taldeek beren erritmoa ezarri zuten eta. Otsoen lehen puntuak berehala iritsi ziren, baina seinako berdinketaren ondoren, markagailuan agintea hartu zuen Albaceteko (Espainia) taldeak hainbat saskiratze bata bestearen ondotik josita. Gainera, nagusitasun hori partida osora luzatu zuten gerora bisitariek. Une horretatik aurrera, kanpokoak oso sendo azaldu ziren, eta otsoen erritmoa eten zuten. Albaceteko taldeak errenta mantentzea lortu zuen amaierako minutuetan, baina, azkenean, lehen laurdena zortzi puntuko abantailarekin itxi zuten (14-22).

Bigarren laurdena hasi eta berehala zapuztu ziren Iñigo Nuñezen taldearen asmoak. Aldea minutu gutxian bikoiztu zuten Albacetekoek, eta kontrara, Nuñezen taldeari ikaragarri kostatu zitzaion uztaia aurkitzea; Azkoiti-Azpeitikoen erreakzioa ez zen berehalakoan iritsi. Minutu batzuk igaro zituen taldeak ezintasun horretan murgilduta, baina erritmo biziagoa ezartzeko gai izan ziren gero, Albaceteko taldeak egindako akats batzuk baliatuta. Tentsio une hori baliatu zuten otsoek, eta aldea murriztu zuten, hein handi batean, Aizpitartek lortutako bederatzi punturi esker. Biele ISBk aldea bost puntura jaitsi zuen bisitarien zehaztugabetasunak zigortzen asmatuta. Egoera hura ikusita, Azpeitiko kiroldegian laster piztu zen itxaropena. Ordea, Albaceteko taldea atsedenaldiaren aurretik suspertu zen, ISBri balazta ezarrita. Nolanahi ere, Aizpitarteren azken hiruko saskiratze batekin zazpi puntura jaitsi zuen aldea ISBk atsedenaldiaren aurretik. 

Aldageletatik igaro ondoren, Azkoiti-Azpeitiko taldea intentsitate handiagoarekin itzuli zen kantxara, eta denbora gutxian bi puntura jarri zen. Hala ere, bisitariek kanpoko lerrotik asmatu zuten, eta berriz ere arnasa lasai hartzeko gai izan ziren haiek. Abantaila hamar puntura igo zuten istant batean, eta hala, partidako kontrola berreskuratu. Nuñezenek, beste behin, marearen aurka egin behar izan zuten arraun; saiatu ziren egoera bere onera ekartzen, baina haien saiakera ez zen nahikoa izan Albacetekoen aurrean. Azken laurdenera 11 puntu atzetik sartu ziren (48-59).

Zail zuen Biele ISBk lehia irabaztea, baina 80 minutuko kanporaketa bateko partida izanik, taldeak Albaceteko itzulerako partidara ahalik eta emaitzarik onena ematea izan zuen xede. Dena den, gauzak oker joan zitzaizkion taldeari. Bi erasotan bi hiruko saskiratze lortu zituen kanpoko taldeak, lehia nahi zuten bidean jarriz. Kantxaren beste aldean, Nuñezen taldea urduri aritu zen, tarte batzuetan ezinean ere bai, eta Albacetekoek otsoen minuturik kaskarrenak baliatu zituzten ihes egiteko; ISBk nahi baino urrunago alde egin zuten bisitariek. Azkenean, 60-80 galdu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta orain, urrunago dute mailaz igotzeko azken kanporaketara sailkatzea. 

Zenbakiei dagokionez, Aizpitarte izan zen taldeko onena 21 puntu saskiratuta eta 12 puntuko batez bestekoa lortuta. Ordea, Albaceteko taldeak bikoiztu egin zuen Azkoiti-Azpeitiko taldea estatistiketan, zenbakietan. Zail dute kanporaketa iraultzea otsoek, baina bizirik dauden bitartean, azken hozkada ematen saiatuko dira datorren asteburuan. Itzulerako partida datorren igandean jokatuko dute Albaceteko Parke kantxan (12:00).

Jokalariak zaleak agurtzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide