Israelgo Estatuaren sorreraren 80. urteurrenean, eta ehunka mila palestinarren exodoa gogora ekartzen duen Nakba egunaren harira, Palestinaren aldeko mugimendua sustatzen ari den Azkoitiko herritar talde batek Palestinaren aldeko hainbat ekintza egingo ditu aste honetan, Palestinaren Aldeko Astea deitu dioten egitarauaren barruan.
Gaur, astelehena, erakusketa zabalduko dute Portaleburu erakusketa aretoan, Palestina: ibilbide historikoa gaur egungo genozidioraino izenburupean; datorren igandera bitartean egunero zabalduko dituzte areto horren ateak. Ostegunean, berriz, Palestinako errealitate politikoari buruzko hitzaldia eta hausnarketa egingo dituzte Portaleburun, 18:00etan hasita. Ostiralean, azkenik, Anari musikari azkoitiarrak emanaldia eskainiko du Portaleburun (18:00), eta mokadutxoa egiteko aukera ere izango da. 19:00etan, berriz, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute plazan.
Kolonialismoa, apartheid-a, okupazioa eta genozidioa gelditzea eskatzeko antolatu dute Palestinaren aldeko astea, eta Palestinaren aldeko mugimenduko kideek herriko plaza betetzeko deialdia zabaldu diete azkoitiarrei.