Eguraldiak lagunduta, Bizkargi musika eta dantza eskolako kideak eta Txalkor txistulari taldekoak kalerik kale ibili dira gaur, igandea. Dantzarien Udaberri Kalejira tarteko Alde Zaharreko plazetan hainbat dantza aurkeztu dituzte haurrek. Duela zenbait urtetatik, garai bateko Dantzari Txiki Egunaren lekukoa hartua duen egitasmoarekin atera dira kalera umeak.
Parte hartzaile guztiak 11:30ean abiatu dira Julio Urkixo etorbidetik, eta Balda plazara kalejira eginda, han egin dute eguneko lehen geldialdia. Handik herriko plaza nagusira jo dute, trikiti eta txistu doinuek lagunduta, eta plazan ere eskaini dituzte zenbait dantza. Azkenik, eliz atarira joan dira parte hartzaileak, han amaitu dute-eta kalejira 13:30ean. Dena den, eliz atarian ere dantzak aurkeztu dituzte.