Realarekin Errege Kopa irabazi ondotik, Igor Zubeldia Realeko jokalariak omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo, larunbatez, herrian, Azkoitiko Udalak eta Anaitasuna futbol taldeak elkarrekin antolatutako ekitaldian.
Omenaldia Txerloian izan zen, Anaitasunako gizonen talde nagusiak Deustoren aurkako partida jokatu aurretik. Hain zuzen ere, atzoko partidako jokalariek nahiz Anaitasunako maila ezberdinetako jokalariek korridore bat ireki zuten zelaian, Zubeldiari harrera egiteko. Jokalari azkoitiarra Errege Kopa aldean zuela zelairatu zen, Ana Azkoitia alkatea eta Ibon Osinalde Anaitasunako presidentea lagun zituela, eta korridorean barrena zelaiaren erdiraino joan zen, bere argazkiarekin egindako pankarta handiaren parera. Behin zelai erdian, Osinaldek Anaitasunaren kamiseta eman zion Zubeldiari bere izenarekin, udaleko ordezkariek lore sorta eta oroigarria eman zizkioten, eta dantzarien eskutik koadro bat jaso zuen.
Sagarzazu ere gogoan
Zubeldiarekin batera, Javier Sagarzazu (Azkoitia, 1958- Carral, A Coruña 1987) ere gogoratu zuten Txerloian. Hark ere, Zubeldiak bezala, Espainiako Errege Kopa irabazi zuen Realarekin Atletico Madrilen aurka Zaragozako (Espainia) Romareda zelaian, 1987an. Sagarzazuren senideetako bat izan zen omenaldian, eta lore sorta jaso zuen, hunkituta.
Oparien ostean, dantzariek aurreskua dantzatu zuten, eta Eneritz Artetxek hainbat bertso abestu zituen. Omenaldiarekin amaitzeko, Eraldatzen musika taldeko kideak zelairatu ziren, taldeak Anaitasunari eskaini dion abestia estreinatzera.