Borja Zubizarretak bigarrenez irabazi du Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 9a

Borja Zubizarreta, Azpeitiko helmugan. (Andoni Elduaien)

Iazko irabazlea eta azkoitiarra elkarrekin iritsi dira Samiño gainera, baina Ikasberrira arteko zatian Zubizarretak atzean utzi du hura. Handik aurrera, bakarrik osatu du helmugara arteko bidea Zubizarretak. 2023an irabazi zuen mendi lasterketari azkoitiarrak aurrenekoz Azpeitiko proba, eta hiru urtera lortu du bigarrena.

Borja Zubizarreta mendi lasterkariak Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketa irabazi du gaur, zapatua. Domusa Teknik Lana trail taldeko kideak 05.58.58 denboran osatu du ibilbidea, eta hala, Azpeitiko probako txapela lortu du, 2023. urtean bezala. Aurkariei tarte zabala aterata lortu du garaipena Zubizarretak. Azkoitiarrak baino bost minutu geroago sartu da helmugan iaz proba irabazi zuen Julen Calvó kataluniarra (06.03.56) eta zortzi minutu eta erdi eskasera Pello Berrizbeitia eibartarra (Gipuzkoa), iaz bigarren sailkatu zena. 

Gizonen lasterketa Mandubitik Samiñora bitartean hautsi da. Murumendiko gailurrera arte (30. kilometroa), Zubizarreta, Calvó, Berrizbeitia eta Mikel Auzmendi ataundarra segundo gutxiren bueltan izan dira. Mandubin (34. kilometroa) Auzmendik atzera egin du apur bat, eta Pere Aurell kataluniarrak aurrea hartu dio hari. Mandubitik Samiñora jo dute korrikalariek, eta orduan hautsi da lasterketa burua. Calvók beste erritmo bat ezarri nahi izan du une horretan, eta aurreko laukotean Zubizarreta bakarrik izan da haren erronkari eusteko gai.

Iazko irabazlea eta azkoitiarra elkarrekin iritsi dira Samiño gainera (43. kilometroa), baina Ikasberrira arteko beheranzko zatian Zubizarretak atzean utzi du hura; Larrume Txikin (48. kilometroa) 30 segundo eskaseko abantaila zuen azkoitiarrak, eta Ikasberrin (54. kilometroa) minutu eta hamabost segundo ingurukoa. Are, Zubizarreta kataluniarra baino indar gehiagorekin iritsi da Xoxote egin beharreko azken igoerara, eta hara bidean ere arerioarekiko tartea zabaltzeko gai izan da. Xoxoteko langan (57. kilometroa) bi minutu eta erdiko errenta zuen azkoitiarrak, eta alde horri eutsi dio gailurrean ere (60. kilometroa). Halaber, Xoxotetik Azpeitiko plazara arteko azken bost kilometroetan errenta bikoiztu egin du Zubizarretak. 

Kronoak plataforman kontsultatu daitezke probako sailkapenak. Probako argazkiak, berriz, Azpeitiaguka.eus webgunean

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide