Gaur zortzi, hilaren 15ean, bukatuko da V. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara bertso sortak aurkezteko epea. Hike Eizan! taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako egitasmoak hitanoa hauspotzea du xede, eta umeek, gazteek zein helduek parte har dezakete. Gaia, neurria eta doinua aukera librekoak dira, eta bete beharreko baldintza bakarra bertso sorta guztiak hitanoan idaztea da. Gainera, noka erabiltzea positiboki baloratuko da.
Hiru kategoriatan banatzen da lehiaketa: umeen kategoria –14 urtera bitartekoak–; gazteen kategoria –15 eta 18 urte bitartekoak–; eta helduen kategoria –19 urte edo gehiago dituztenak–. Adinaren arabera, aurkeztu beharreko lanak ere desberdinak izango dira. Umeek gutxienez bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dituzte, gazteek, sei bertso, eta helduek, zortzi bertso.
Sariak ere maila bakoitzaren araberakoak izango dira. Umeen mailan, irabazleak 125 euroko diru saria jasoko du, eta gazteen mailan 250 euro jasoko ditu bertso sorta onenaren egileak. Helduen mailan bi sari emango dira, lehenengo irabazleak 500 euro irabaziko ditu, eta bigarren saridunak, 250 euro. Horrez gain, Azkoitia Sariak banatuko dituzte hiru kategorietan. 75 euro jasoko ditu umeen kategoriako sari horren irabazleak, 150 euro gazteen mailakoak eta 300 euro helduen mailakoak. Epaimahaia Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatzen dute.
Lanak aurkezteko bi aukera izango dituzte parte hartzaileek: aurrez aurre udaletxean edo telematikoki udalaren webgunean, Lehiaketak azpiatalean. Lehiaketari buruzko oinarriak ere erakundearen webgunean kontsulta daitezke.
Antolatzaileek ekainaren 1ean emango dute irabazleen berri, eta sari banaketa ekitaldia ekainaren 25ean, ostegunez, egingo dute, VI. Hike Eizan! bertso saioaren barruan.
Partaideek zalantzak izanez gero, euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-54 20 02 telefono zenbakira deitu dezakete.