Duatloi txikia jokatuko dute bosgarrenez, zapatuan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 13a

Hainbat haur, iaz, duatloian. (Juleen Frantzesena)

Guztira, lau lasterketa jokatuko dituzte zapatuan Trenbidearen Zumardia eta Juin Txiki industrialdea lotzen dituzten kaleen artean. 10:30etik 13:00etara bitartean jokatuko dituzte probak han. Eskola Kirolean izena emanda dauden haurrek parte hartu ahal izango dute soilik duatloian.

Azkoitri triatloi klubak antolatuta, eta Eskola Kirolaren nahiz Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, Azkoitiko V. Duatloi Txikia jokatuko dute datorren zapatuan, hilak 16, Trenbidearen Zumardian eta Juin Txiki industrialdean zehar. Aurtengo ikasturtean Eskola Kirolean izena emanda dauden 8 eta 11 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute soilik duatloian. Ordea, duatloia inklusiboa izango da, eta hori hala, aniztasun funtzionala duten umeek zein nerabeek ere izango dute parte hartzeko aukera.

10:30ean hasiko dira duatloiaren lehen lasterketak; hain justu, LH 3 mailako ikasleak izango dira irteera lerrotik abiatzen aurrenak. Haiek 700 metro egingo dituzte korrika, 1,5 kilometro bizikletan, eta 350 metro korrika. LH 4 mailakoek ere LH 3 mailakoen ibilbide bera egin beharko dute 11:00etan hasita. 12:00etan hasiko da, bestalde, 10 urteko ikasleen lasterketa, eta 12:30ean, 11 urte dituztenena; bi maila horietako ikasleek 3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute bizikletan, 1,5 kilometrokoa osatu beharrean.

Lasterketak hasi aurretik, parte hartzaileek dortsalak jaso beharko dituzte. Hain justu, 09:00etatik aurrera banatuko dituzte horiek. Azkoitrik jakinarazi duenez, ikastetxeetako begiraleei emango dizkiete dortsalak, eta horiek arduratuko dira umeei banatzeaz. Antolatzaileek parte hartzaileei eskatu diete kamisetaren aurreko aldean kokatzeko horiek. 

Argibide gehiago

Lasterketa osatzeko, trantsizio gune bat kokatuko dute Trenbidearen Zumardian; izan ere, duatloian parte hartuko dutenek gune horretan sartu beharko dituzte beren bizikletak probari ekin aurretik. LH 3 eta LH 4 mailetakoek 09:30etik aurrera sartu ahal izango dituzte bizikletak, eta LH 5 eta LH 6 mailetakoek, 11:00etan. Bizikletak gune horretatik ateratzeko ordua, berriz, desberdina izango da mailaren arabera: 10:45etik aurrera atera ahalko dituzte bizikletak LH 3 eta LH 4 mailetakoek, eta 12:30 ondoren beste bi mailetakoek.  

Azkoitrik adierazi du proban parte hartzeko nahitaezkoa dela bizikleta eta kaskoa izatea; are, bizikletako zatia egiterakoan ezinbestekoa izango dute haurrek kaskoa jantzita eramatea. "Bizikleta hartu aurretik jantzi beharko da kaskoa, eta bizikleta utzi ondoren kendu", azaldu dute. 

Hona hemen lasterketen ordutegiak: 

  • 10:30. LH 3 mailako ikasleen duatloia (8 urte).
  • 11:00. LH 4 mailako ikasleen duatloia (9 urte).
  • 12:00. LH 5 mailako ikasleen duatloia (10 urte).
  • 12:30. LH 6 mailako ikasleen duatloia (11 urte).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide