Elikadurak gaixotasun neurodegeneratiboetan izan dezakeen eraginaz hausnartu dute Elkargunean

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 7a

Aretoa bete egin zen adituen hitzaldia jarraitzeko. (Andoni Elduaien)

Gaixotasun neurodegeneratiboen babes neurri edo faktore bezala elikadurak duen eraginean egin zuten azpimarra Elene Urbieta psikologoak eta Andrea Aldalur nutrizionistak. Jende ugari bildu zuen Azkoitiko Babes Sarearen hitzaldiak.

Azkoitiko Babes Sareak antolatuta, Elene Urbieta psikologoak eta Andrea Aldalur nutrizionistak gaixotasun neurodegeneratiboei lotutako hitzaldia eskaini zuten atzo, asteazkena, Elkarguneko Oteiza aretoan. Gaixotasun neurodegeneratiboak eta nutrizioa izeneko saioa eskaini zuen bikoteak, eta hain justu, gaixotasun horien babes neurri edo faktore bezala elikadurak duen eraginean egin zuten azpimarra.

Gaixotasun neurodegeneratiboak zer diren esplikatu zuen aurrena Urbietak, aretoa bete zuten herritarrak gaian kokatzeko asmoz. Era berean, halako gaixotasunak zeren eraginez sortzen diren eta gaixotasun ohikoenak zein diren azaldu zuen psikologoak, baita mundu mailan halako gaitzei lotutako datuak eman ere.

Bi adituek esan zuten eguneroko bizitzan egiten diren ekintzek dutela "inpaktua" garunean; alegia, eragina duela garunean pertsona bakoitzak mugitzeko duen erak, hark egiten duen ariketa fisikoak, ikaskuntza prozesuak edota elikadurak. "Egunero egiten ditugun ohiturazko ekintzek eragina dute gorputzeko organo guztietan, baina baita garunean ere", nabarmendu zuten. 

Gaixotasun neurodegeneratiboak ekiditeko babes neurri edo faktore ugari daudela esan zuten, baina atzoko saioaren izenburuari tiraka, elikaduran jarri nahi izan zuten arreta nagusia Urbietak eta Aldalurrek. Hori hala, elikadurak garunaren funtzionamenduan duen eragina sakon aztertu zuten. Azaldu zuten elikagaiek hiru modutara eragin dezaketela garunean, hanturazko hiru prozesu eragiten dituela: maila baxuko hantura kronikoak, estres oxidatiboa eta hesteetako mikrobiota. Aldalurrek aletu zituen hiru prozesuak. 

Elene Urbieta eta Andrea Aldalur, atzo, Elkargunean. (Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide