Gaztetxeak Bertsotan egitasmoaren finala jokatuko dute datorren zapatuan, hilak 16, Azkoitiko Gaztetxean (20:30). Bikotekako sariketa formatua du Gaztetxeak Bertsotan txapelketak, eta hain justu, hiru bikotek lortu dute Azkoitiko finalera sailkatzea: Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua, Iradi Barrenetxea eta Aitor Tatiegi eta Haira Aizpurua eta Ander Sarriugarte bikoteek.
Iaz jokatu zuten txapelketaren aurreneko aldia, eta orduan, Unax Aizpuruak eta Aroa Arrizubietak osatutako bikoteak lortu zuen txapela. Aurten, berriz, 24 bertsolari gaztek parte hartu dute. Bertsoen bitartez gazteei interesatzen zaizkien gaiak eta auziak oholtzara eramatea, eta gaztetxeei zein gazte asanbladei ekarpena egitea ditu xede egitasmoak. Era berean, bertsoaren bitartez Euskal Herriko gaztetxeak babestea nahiz indartzea ditu helburu.
Azkoitiko hitzorduaren aurretik, txapelketa barruko hainbat kanporaketa jokatu dituzte Euskal Herri luze-zabalean; saio bakoitza, gainera, Euskal Herriko gaztetxe ezberdin batean jokatu dute: otsailaren 6an, Beasaingo (Gipuzkoa) Gaztetxean aritu ziren; otsailaren 7an, Hiltegixe Berrizko (Bizkaia) Gaztetxean; otsailaren 20an, Garaziko (Nafarroa Beherea) Gaztetxean; eta otsailaren 21ean, Txantreako (Nafarroa) Maiatzak 1 Gaztetxean.
Bazkaria eta gehiago
Iluntzean finalari paso eman aurretik, hitzordu horren aurretik ere hainbat ekintza egingo dituzte Azkoitiko Gaztetxean. 14:00etan, han bildutako guztiek brindisa egingo dute, eta 14:30ean, bazkariari ekingo diote. Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) adierazi du sarrerakoak, txerri saiheskia saltsan patatekin eta bizkotxoa eskainiko dituztela bazkaltzeko, urarekin eta sagardoarekin batera. Era berean, jakinarazi dute menu begetarianoaren edo beganoaren aukera ere eskainiko dutela, hala nahi dutenentzat. Nolanahi ere, bazkaltzeko izena eman beharko da aldez aurretik, eta AGAk honako lotura hau zabaldu du horretarako. 15 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek bazkaria, baina 12 euro langabeek.
Finaleko bertso saioaren zain egon beharrik gabe, arratsalde partean hasiko dira egunari lotutako ekintzak. 16:30ean, plazako Goiko Losa frontoian, Berun musika taldeak kontzertua eskainiko du. Ondoren, 18:00etan hasita, bertso poteoa egingo dute tabernaz taberna, finalerako girotzen hasteko. Enara Gallastegik eta Unai Iturriagak Atraskua tabernan kantatuko dute, June Aiestaranek eta Maddi Sarasuak Dean tabernan, eta Koxka tabernan arituko dira bertsotan Gorka Pagonabarra eta Jexux Mari Irazu. Bertso poteo hori ere, iluntzean jokatuko duten finalaren modura, bikotetako formatuan egingo dute. Finala amaitutakoan, berriz, Ameba eta Sekule taldeen kontzertuak izango dira, Zurt tabernan.
Hona hemen egitaraua:
- 14:00. Parte hartzaileen brindisa.
- 14:30. Bazkaria.
- 16:30. Berun musika taldearen kontzertua, Goiko Losan.
- 18:00. Bertso poteoa tabernaz taberna, Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga, June Aiestaran eta Maddi Sarasua eta Gorka Pagonabarra eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin.
- 20:30. Finala, Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua, Iradi Barrenetxea eta Aitor Tatiegi eta Haira Aizpurua eta Ander Sarriugarte bertsolariekin.
- Ondoren. Ameba eta Sekule taldeen kontzertuak, Zurt tabernan.