Lehen FEB Mailara igotzeko final laurdenetako kanporaketetara sailkatu da Biele ISB. Iñigo Nuñezek zuzendutako taldeak 103-75 irabazi zion atzo, igandea, Lobe Huesca La Magia taldeari Azpeitiko kiroldegian, eta hala, Huescatik (Espainia) ekarri zuen zortzi puntuko aurkako errenta irauli zuen. Otsoek sasoi guztian zehar etxean erakutsi duten sendotasuna berretsi zuten kiroldegiko harmailak goraino bete zituzten zaleen aurrean. Lehiari ekin aurretik, klubak Domusa Teknik ISBri egin zion aitortza, denboraldian zehar egin duten lana eskertzeko, eta besteak beste, Luis Agirre Katxi entrenatzailea eta Sara Iparragirre zein Maria Otaegi omendu zituen.
Azkoiti-Azpeitiko taldeak hasiera-hasieratik ezarri zuen erritmoa, eta markagailuan ere berehala hasi zen agintzen. Etxekoek beste martxa bat eman zioten jokoari hasierako jauzitik, eta gainera, Huescakoek defentsan aurkitutako desoreka bakoitza zigortu zuten. ISB lehen minutuetan kemen handia erakutsi zuen Mohamed Niangen eskutik hasi zen puntuak batzen; 6-0 aurreratu zen markagailuan. Halaber, bisitariak hirugarren minuturako bonusean sartu ziren, eta jaurtiketa libreen lerrotik, banaka bada ere, zortzi puntuko horma hausten hasi zen Nuñezen taldea. Nolanahi ere, kanpoko taldeak meritu handiko jokaldiak gauzatu zituen, eta lortu zuen laurdena hamar puntuko aldearekin ixtea (31-21).
Bigarren laurdenean, bisitariek hobera egin zuten defentsan. Gainera, Huescako Figueroak neurria hartu zion ISBren saskiari, eta puntu sorta ederra lortu zuen. Une batez, lau puntura ere hurbildu ziren bisitariak markagailuan (41-37), baina 6-0 partzial bati esker, Azkoiti-Azpeitiko taldeak aldea berriro hamar puntura eraman zuen. Bisitarien ahalegin bakoitza errotik eten zuen ISBk; urduritasuna eta tentsioa sumatzen ziren minutuetan lasaitasunez aritu ziren otsoak, eta Huscakoen akatsak zigortu zituzten. Hala, behetik gora egin zuen Nuñezen taldeak, eta azkenean, lehen laurdenean zabaldutako tartea handituta hartu zuen atsedenaldiaren garaian aldageletarako bidea (55-43).
Hausturaren laurdena
ISBk ikusi zuen minutu apal batzuen eraginez kanpoko taldea gai zela kanporaketa bere aldera jartzeko, eta orduan, lanari ekin zion. Zirt edo zart egin beharreko laurdena zuen etxeko taldeak hirugarrena, eta orduan, hozkada latza egin zioten otsoek aurkariari. Aldageletatik igaro ondoren, norgehiagoka behin betiko hautsi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak.
Bisitariak deskonektatuta atera ziren kantxara, erasoan baloi galtze eta erabaki txar bat baino gehiago kateatu zituzten, eta etxekoek hori aprobetxatu zuten neurketako abantailarik handiena lortzeko (59-43). Hala eta guztiz ere, ISBk aldea handitzen jarraitu zuen ondorengo minutuetan. Huescako taldea bakarkako zenbait ekintzekin saiatu zen erreakzionatzen, baina Nuñezenek ezerezean utzi zuten haien saiakera. Laugarren laurdenera sartu aurretik, etxekoek hogei puntuko langa gainditu zuten aurrenekoz (79-55), kanporaketa ia guztiz erabakita utziz.

Ordura arte egindako lanak kanporaketa iraultzeko bidean jarri zuen ISB. Azken laurdenean, markagailuaren dantzari eustea zuen jomuga Nuñezen taldeak, baina inolako zailtasunik gabe aritu lan eginkizun horretan. Huescakoek bakarkako jokaldien bidez egin zuten errenta urratzeko saiakera, baina etxekoek antzu utzi zituzten haien ahalegin guztiak. Gainera, ISBk aldea handitzen jarraitu zuen, eta konturatzerako, ehun puntuko langara ailegatu ziren. Festa handia izan zen kiroldegian, harmailetan batu ziren zaleen pozak eta kantxako jokalarien lanak eragindako uztartzeak eragina. Azkenean, Biele ISB 103-75 Lobe Huesca La Magia.
Atzokoaren gisako kanporaketetan talde izaera erakustea funtsezkoa da. Azkoiti-Azpeitiko taldeak bat eginda egin zion aurre Husecakoen aurkako erronkari, eta aldiz, bisitariek ez zuten asmatu horretan. ISBko bost jokalarik hamar puntu baino gehiago pilatu zituzten, eta sei taldekidek lortu zuten hamar puntu baino gehiagoko balorazioa. Nolanahi ere, bi izen nabarmendu ziren besteen gainetik: Ierai Aizpitartek 25 puntu batu zituen eta 23 puntuko balorazioa eskuratu zuen Thierry Sagnak.
Albacetekoak, orain
Final zortzirenak gaindituta, final laurdenetan murgilduko da orain ISB. Fase horretako kanporaketan, Bueno Arenas Albacete Basket taldea izango dute kontrario otsoek. Albaceteko (Espainia) taldeak Clínica Ponferrada SDP taldea kanporatu du final zortzirenetan, etxean eta kanpoan irabazita.
Biele ISBk etxean ekingo dio kanporaketari, datorren igandeko 18:00etan jokatuko dute-eta Albacetekoen aurkako dema, Azpeitiko kiroldegian. Azkoiti-Azpeitiko taldeak kanporaketa gaindituko balu, Madrilgo Spanish Basketball Academy edo Insolac Caja 87 taldea izango luke aurkari mailaz igotzeko finalerdietako kanporaketan. Kasu horretan, etxetik kanpo jokatuko lukete otsoek joaneko partida, eta etxean jokatuko luke denboraldiko azken partida. Lehen bi asteak gaindituta, beste hilabetez luzatu nahi du ISBk sasoia.