24 ordu bete-bete gelditzen zaizkio aurtengo Holz Und Blech jaialdiari

Aitziber Arzallus 2026ko maiatzaren 2a

14:00etan hasita, hogei orduz, 30 disko jartzaile baino gehiagoren saioak izango dira herriko dozena bat tokitan, eta horiekin bukatuko da aurtengoa. Kontuan izan Goiko Losarako prestatutako egitaraua Matadeira lekualdatzea erabaki dutela antolatzaileek, arratsalderako eguraldi txarra iragarrita dagoelako.

Holz Und Blech musika jaialdiaren hamargarren edizioa ere badoa aurrera. Ostegun arratsaldean ekin zioten egitarauari, besteak beste, uhaitz Urain Zizu zenari Balda Plazan egindako omenaldiarekin. Atzo, jaialdiaren bigarren egunean, Matadeixe izan zen jardueren gune eta jendearen bilgune nagusia.

17:00etatik 02:00etara bitartean, Checkboyz taldea eta House One, Hugo, Mariiin eta Unai Trotti DJak igaro ziren hango agertokitik. Erraz bete zuten aretoa haien doinuetara dantza egiteko gogoz zeuden herritarrek, eta eguraldi atsegina lagun, kanpoan ere jendetza egon zen arratsalde guztian. Behin Matadeiko ateak itxita, Latz eta Txalintxo tabernetan jarraitu zuen festak 06:00ak arte.

Atzokoa, ordea, esan liteke beroketa ariketa bat besterik ez zela izan gaur etorriko denaren ondoan. Izan ere, 14:00etatik aurrera, hogei orduz, 30 disko jartzaile baino gehiagoren saioak izango dira herriko dozena bat tokitan.

Guneei eta horietako egitarauari lotuta, gainera, pare bat aldaketa iragarri dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Garrantzitsuena hauxe: arratsalderako euri zaparrada indartsuak iragarrita daudela eta, Goiko Losarako prestatutako egitaraua Matadeira lekualdatzea erabaki dute. Horrenbestez, 12:00etatik aurrera Goiko Losan izatekoak ziren saioak, 14:00etatik aurrera Matadeixen izango dira. Beste aldaketa da Plaza Berdurako ateak Zatibiren saioarekin irekiko dituztela, 16:30 aldera, eta ez Checkboyzenarekin, Azkoiti-Azpeitiko taldeak atzo egin zuelako saioa Matadeixen. Gainontzeko guztiak aurreikusita bezala jarraituko du aurrera.

Hona hemen jaialdiaren aurtengo edizioa bukatu arteko egitaraua: 

Gaur, maiatzak 2

  • 14:00-00:00. Albi, Traxx Jr., Galiano, Mari.Te, Borja S. eta Javier Carballo DJak, Matadeixen.
  • 16:30-22:00. Zatibi, DJ Radar eta Bobby DJak, Berdura Plazan. 
  • 00:00-04:00. Anartz eta Alexander Loop DJak, Dean tabernan.
  • 00:00-04:00. Celia Carrera eta Neska DJak, Zurt tabernan.
  • 00:00-06:00. Balza, Elpidio eta Gela DJak, Latz tabernan.
  • 18:00-06:00. Murxi, Coel, LN, Luska, Garai eta Victorio DJak, Txalintxo tabernan.
  • 22:00-02:00. Loreak eta Willy DJak, Hika tabernan.
  • 00:00-04:00. Elektropeña eta Xugua DJak, Etxe-Aitz tabernan.
  • 00:00-04:00. Bier eta Kintana DJak, Koxka tabernan.
  • 00:00-04:00. Josu Aranburu eta Vita V DJak, Tta-kun tabernan.
  • 00:00-04:00. Porruu eta Tsuruta DJak, Galipan tabernan.
  • 06:00-10:00. Mari.Te eta Javier Carballo DJak, Laja jatetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide