Ane Senperena: "Popperraren arriskuen gaineko pertzepzio oso txikia dute gazteek"

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 27a

Ane Senperena. (Argazkiak: Ane Olaizola)

Drogarik ezagunenetarikoa ez bada ere, azken urteetan popperraren kontsumoa hazi egin den zantzuari tiraka, azterketa bat osatu du Ane Senperena farmazialariak. Urola Kosta eskualdean kokatu du analisia, eta 14 eta 24 urte bitarteko gazteengan jarri du arreta.

Unibertsitateko gradu amaierako lan gisa, popper drogaren kontsumoaren inguruko azterketa egin du Ane Senperena (Azkoitia, 1999) farmazialariak. Zehazki, Urola Kosta eskualdeko 14 eta 24 urte bitarteko gazteen popper kontsumoaren patroi deskriptiboa lortu nahi izan du. Haren ustez, gehiago eta sakonago aztertu beharko litzateke popperarren inguruan, baina osatu duen lanak balio izan dio zenbait emaitza ateratzeko: nabarmendu du gazteek droga horren arriskuen gaineko pertzepzio baxua dutela, eta beraz, beharrezkoa jo du gaiaren bueltako informazioa zabaltzea.

Nolatan egin duzu popperraren gaineko azterketa?

Duela bi urte, udako egun batean, inguruan jendeak popperra kontsumitzen zuela entzun nuen, eta aztertzeko gai interesgarria iruditu zitzaidan. Orain jakin dut lehen ere kontsumitzen zela popperra, baina lehen ez nekien hori, eta interesgarria iruditu zitzaidan azterketa egitea. Bestalde, ikerketa Urola Kostan gauzatu dut gertutasunagatik, eta 14 eta 24 urte bitarteko gazteen joera aztertu dut, batez ere horiek direlako festan ibiltzen direnak.

Zergatik aztertu duzu popperra eta ez beste droga bat?

Alkoholaren edota tabakoaren kontsumoari buruzko ikerketa asko daude eginda, eta bestelako drogak ere txertatuta daude analisi horietan. Popperraz, bere horretan, baina, ez dago asko ikertuta. Popperrari buruz topatu ditudan azterketak gai orokortu baten barruan egindakoak izan dira: esaterako, aztertu izan dituzte inhalagailu lurrunkorrak, baina horien barruan gauza asko sartzen dira, ez soilik popperra.

Droga ezezaguna dela esango al zenuke?

Inguruan entzundakoa zen popperraz nekien gauza bakarra, baina aztertzen hasita, produktu askotan aurki daitekeen aktibo bat dela jabetu nintzen; esaterako, garbitzeko produktuetan erabiltzen da popperra edo haren deribaturen bat. Ikerketa egin aurretik, ez nuen gaiaz ezagutza handirik, baina uda hartan asko hitz egin zen popperaz, eta horregatik erabaki nuen aztertzen hastea. Egindako lanaren bidez jakin dut historian bere lekua izan duela droga horrek; hau da, ezaguna izan dela. Hala ere, aipatzekoa da, lana aurkeztu nuenean aurrean izan nuen epaimahaiko kideak popperraz inoiz ezer entzun gabeak zirela.

240 gazteren erantzunak jaso dituzu lana osatzeko. Nolako lagina duela esango zenuke? Esperotakoa izan al da emaitza?

Egia esan, oso aurreikuspen handia egin nuen hasieran, Urola Kostako adin tarte horretako gazte guztiak hartu bainituen lagintzat. Dena den, oso-oso handia zen aurreikuspen hori. 240 gazteren lagina lortu nuenean, tutoreak esan zidan lagin oso ona zela, nahiz eta nire ustez ez den oso handia. Hori bai, emaitzak kantitate handiagoetara estrapolatzeko zein ondorioak ateratzeko gehiago ikertu beharko litzateke.

"Galdeketa erantzun zuten gazte gehienak esan zuten dibertigarria delako eta festa animatzeko duelako hartzen dutela popperra"

Gazteei zer galdetu diezu zehazki?

Aurrena, gazteen datu sozioekonomikoak lortu nituen, batez ere emaitzak gero herrika edota adinka multzokatu ahal izateko. Ikasketez ere galdetu nien, baina azkenean ez genion balio handirik eman horri, eta emaitzetan ez nuen ikasketen araberako banaketarik egin. Bigarren zatian, gazteek popperraren eta beste drogen inguruan duten pertzepzioa zer-nolakoa den jakin nahi izan nuen, eta hirugarren zatia popperraren kontsumora bideratu nuen osorik: zenbat kontsumitu duten, zergatik egin duten, eskaini izan al dieten, zenbatero hartzen duten, popperrak dituen efektuez zer dakiten...

Adinari dagokionez, zein izan dira datuak?

Jasotako emaitzen arabera, herritar gehienek 17 urterekin probatu dute popperra; hau da, adin horrekin hasten dira kontsumitzen. Bi adin multzotan banatu nuen azterketa: horietako bat 14tik 18 urtera bitartekoek osatzen zuten; eta bestea, 18 eta 24 urte bitartekoek. Ikusi nuen, proportzioan, gehiago zirela popperra hartzen duten 18 eta 24 urte artekoak. Dena den, lehen taldekoen kontsumo datua oso altua izan zen, horiek adin txikikoak direla kontuan hartuta. Multzo horretan baziren 14-15 urterekin popperra probatuta zutenak ere.

Azterketaren arabera, zenbat kontsumitzen da popperra Urola Kostan?

Galdetutako gazteen %21ak popperra kontsumitzen duela adierazi zuen. Egia esan, datua nahiko altua da. Gainera, aurretik genituen beste datuekin alderatuta, harritu egin ninduen emaitzak. Datu hori lotuta dago kontsumitzen duten testuinguruarekin edo eremuarekin; izan ere, asteko zein egunetan kontsumitzen zuten galdetu nien, eta gehienek asteburuetan egiten zutela erantzun zuten. Horregatik lotu genuen popperraren erabilera festa giroarekin, eta hori hala, zentzua izan dezake kontsumo datua altua izateak. Baina egia esan, ez nuen espero hainbestekoa izatea.

Droga hori kontsumitzeko arrazoiez ere galdetu zenuen. Zer erantzun zuten?

Gehienek erantzun zuten dibertigarria delako eta festa animatzen duelako kontsumitzen dutela. Horrez gain, euforia sentsazioagatik kontsumitzen zutela ere erantzun zuten beste batzuek. Droga hori probatzeko eskaini zietelako hartu zutela ere esan zuten hainbatek, eta horien zenbatekoa ere nahiko altua zen. Beraz, datu horietatik atera genuen ondorioa izan zen popperra festa giroarekin lotzen dela.

Hasieran medikuntzaren barruan erabiltzen zen popperra, eta ondoren, sexu harremanetarako erabiltzeko bidea hartu zuen. Gaur-gaurkoz, erabilera horrek indarra galdu al du?

Bateren batzuek erantzun zuten sexu harremanetarako kontsumitzen dutela, baina oso gutxik. Zehazki, galdetutakoen %4k erantzun zuten sexu harremanak errazteko erabiltzen zutela, eta %2k zioten harremanetan plazer handiagoa lortzeko egiten zuela. Beraz, oso zenbateko txikiak erabiltzen du popperra sexurako.

Urola Kostako errealitatea jaso nahi izan duzu. Desberdintasun handia al dago herri batetik bestera?

Herriz herriko banaketari dagokionez, esan behar da alde handia izan zela galdeketa bete zutenen artean. Izan ere, galdetegia erantzun zuten gazte gehienak azpeitiarrak ziren, eta ondoren, azkoitiarrak eta zumaiarrak. Herri txikietan, ordea, ez zuen inork erantzun, eta Zestoan ere ez nuen erantzunik jaso. Horrek badu eraginik emaitzetan: esaterako, popperraren kontsumo datu altuena Zumaiakoa da, baina horrek ez du esan nahi Zumaian kontsumitzen denik gehien. Esan bezala, erabilitako lagina ez da nahikoa zumaiarrek beste herrietakoek baino gehiago kontsumitzen dutela baieztatzeko.

Ordea, atera duzun ondorioetako bat zera da: Espainiako Estatuan egindako ikerketekin konparatuta, "oso altua" da Urola Kostako kontsumo maila.

Alderaketak egiteko, popperrari zein bestelako drogei buruz Espainiako Estatuan egindako inkesta baten emaitzak hartu nituen, baita Mexikon egindako beste bateko datuak ere. Azken hori zehatzagoa zen adinari dagokionez, eta gehiago egokitzen zen nire azterketara. Gurean jasotako datuak Mexikokoak baino altuagoak ziren, baina ez askoz ere handiagoak. Espainiako Estatuko datuekin alderatuta, berriz, hamar aldiz handiagoa zen Urola Kostako kontsumo datua. Dena den, kontuan hartu behar da Espainiako Estatuko azterketa ez zela soilik gazteen artean egindakoa; 14 eta 65 urte bitarteko pertsonei egin zizkieten galderak ikerlan horretarako. Popperra batez ere festa giroan kontsumitzen dela ondorioztatu dugu guk, eta hori horrela izanik, Espainiako Estatuko datuak oso diluituta geratzen dira, gazteak ateratzen baitira batez ere festara.

"Azterketak 240 pertsonen errealitatea erakusten du; argi dago nire ondorioak ezin direla 8.000 pertsonengana egokitu"

Popperraren kontsumoa ez ezik, polikontsumoa ere aztertu duzu. Zer joera nabarmentzen da horri lotuta?

Azterketan parte hartu duten gazte gehienek diote popperra alkoholarekin batera hartzen dutela; bakarren batek erantzun du popperra soilik kontsumitzen duela.

Popperra alde batera utzita, beste drogen erabilera ere aztertu al duzu?

Galdetegiko azken galdera beste droga batzuen kontsumoaren ingurukoa zen, nahi bainuen jakin lotuta al dauden popperraren eta beste drogen kontsumoa. Alkohola eta tabakoa dira gehien kontsumitzen dituztenak, eta aldiz, askoz gutxiago erabiltzen dituzte estimulatzaileak diren beste droga batzuk. Popperra, batez ere, polikontsumoaren barruan sartzen da, baina jakin nahi genuen, adibidez, droga estimulatzaileak kontsumitzen dituztenek popperra kontsumitzen al duten ala kontsumo joera bakoitza bere bidetik doan. Ikusi genuen oso zenbateko txikia dela popperra eta droga estimulatzaileak hartzen dituztenena, eta aldi berean, droga estimulatzaileak kontsumitu ez dituen jendeak ere hartzen duela popperra. Gainera, popperra batez ere alkoholarekin batera kontsumitzen dute.

Jasotako emaitzetatik zerk harritu zaitu gehien?

Jendeak popperrarekiko duen pertzepzioak. Inkestan galdetu nien jendeak drogen eraginaz duen kontzientziari buruz, eta iruditu zitzaidan popperra kontsumitzeak eragin ditzakeen arriskuen gaineko pertzepzio oso txikia dutela gazteek. Era berean, alkoholaren eta tabakoaren gaineko pertzepzioaz ere galdetu nuen, eta hori ere oso txikia izan zen.

Zer eragiten du popperrak?

Unean bertan euforia sentimendua sortzen du, erlaxazio orokorrarekin batera. Poperra hartzen dutenek, beraz, erlaxazioa eta euforia sentitu nahi izaten dute. Izan ere, muskulu lisoan eragiten du; esaterako, esfinterra lasaitzen du.

Zer mendekotasun sor dezake?

Oso efektu azkarra dauka popperak, eta beraz, mendekotasuna baino gehiago, tolerantzia garatzen dute droga hori kontsumitzen dutenek. Hau da, popperra sarri hartuz gero, gorputza ohitu egiten da, eta tolerantzia sortzen denez, popper kantitate handiagoa beharko da efektu bera lortzeko.

Eta zein dira popperra hartzearen ondorioak?

Efektu azkarra duenez, momentuko ondorio negatiboak dira nabarmenenak. Erlaxatzean, gorputzeko odol hodiak ireki egiten dira, hipotentsioa sortzen da, eta haratago joaten bada, sinkope bat eragin dezake. Takikardia egoera ere sor dezake. Tarte motzeko takikardia batek ez du ezer eragingo, beharbada, baina bihotzeko arazoak edukiz gero, eragin ditzake ondorio txarragoak.

Popperrraren erabileraren eta salmentaren inguruko legedia ez da bera herrialde guztietan. Zein da Euskal Herriko egoera?

Ez nago horri buruz oso eguneratuta, baina azterketa egin nuenean topatu nuen informazioaren arabera, legeak ez du popperra bere horretan debekatzen; substantzia hori aisialdirako erabiltzea da debekatzen duena. Izan ere, badaude popperra duten produktuak. Hain zuzen ere, garbiketarako produktuetan edota perfumeetan aurkitu daiteke popperra, baina beste modu batera eta beste erabilera baterako saltzen dira.

Gauzatu duzun azterketak lagin mugatua izan duela esan duzu, eta beraz, gehiago ikertu beharko litzatekeela popperraren kontsumoaren benetako tasa zein den jakiteko eta emaitza horiek populazio handiagora estrapolatu ahal izateko.

Urola Kostako gazteen zenbaki osoa kontuan hartuz gero, lagin txikia izan du nire azterketak. Izan ere, erantzunak jaso ditudan 240 pertsona horien errealitatea erakusten du egin dudan lanak. Argi dago azterketaren ondorioak ezin direla 8.000 pertsonengana egokitu, ez dakigulako falta diren horiek guztiek zer erantzungo zuketen. Beste ikerketa batzuk egin beharko lirateke, beraz, Urola Kostako adin tarte horretako gazteen irudi osatuagoa jasotzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide