Gaur amaituko da Euskal Hiriak Euskaraz egitasmoaren irteerarako izena emateko epea

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 30a

Iruñeko Gaztelu plaza. (visitnavarra)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, maiatzaren 16an egingo dute egun pasa Iruñera. Bisita gidatua eta bazkaria egingo dituzte Iruñean parte hartzaileek. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskal Hiriak Euskaraz egitasmoaren barruko irteerarako izen ematea gaur, osteguna, itxiko da. Elkarteak Iruñera egingo du bidaia maiatzaren 16an, eta bisita gidatua eta bazkaria egingo dituzte, besteak beste, parte hartzaileek.

Iruñera autobusez egingo dute bidaia; 09:00etan abiatuko dira Azkoititik hara, Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiko autobus geralekutik. Iruñera iritsitakoan, hiriburuaren historia hobeto ezagutzeko bisita gidatu bat egingo dute hango kaleetan barrena, Labrit Fundazioaren eskutik. Ondoren, Laba kulturguneak duen tabernan bazkaria egiteko aukera izango da. Bazkalostean, 17:30ean itzuliko dira Iruñetik Azkoitira.

Irteeran parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute, eta, bestela, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzi edo 675 85 71 11 telefono zenbakira deitu. Maxixatzeneko bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte autobuseko bidaia eta bisita gidatua, eta bazkide ez direnek, 15 euro. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide