Iaz hasitako bideari jarraituta sinatu dute UKTk eta Azkoitiko Udalak hitzarmena gaur

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 29a

Elustondo, Azkoitia eta Ostolaza, gaur, hitzarmena sinatzen. (Azkoitiko Udala)

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatiba elkarteak 60.000 euroko diru laguntza jasoko du aurten, iaz baino 5.000 euro gehiago. Udalaren esanetan, euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko herritarrentzat "erabateko garrantzia" du tokiko informazioa euskaraz jasotzeak, eta Guka da herritarrek herriko informazioa jasotzeko lehenesten duten hedabidea. 

Azkoitiko Udalak eta Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatiba elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur, eta modu horretara, iaz hitzartutakoa berretsi dute bi aldeek udaletxean. Izan ere, erakundeak diru laguntza igo zion iaz UKTri —55.000 euro jaso zituen—, eta hurrengo bi urteetan diru laguntza progresiboki handitzen joateko konpromisoa hartu zuen erakundeak; hala, udalak 60.000 euroko diru laguntza emango dio aurten eskualdeko komunikazio taldeari, euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko herritarrentzat "erabateko garrantzia" duelako tokiko informazioa euskaraz jasotzeak, Azkoitia Gukak dituen kanalen bidez. Ana Azkoitia alkateak eta Ihintza Elustondo UKTko lehendakariak sinatu dute akordioa, Uxua Ostolaza zuzendari kudeatzailea lagun zutela. 

"UKT euskararen normalizazio prozesuan eta euskararen inguruko kontzientziazioan eragile aktiboa da, eta horixe da hain justu proiektua sustatzen eta laguntzen jarraitzeko arrazoi nagusia, euskal hiztunen komunitatea indartzen eta euskaldun berriak euskarara erakartzen jarraitzeko", esan du udalak, eta gaineratu du Guka dela herritarrek herriko informazioa jasotzeko lehenesten duten hedabidea. 

Horrenbestez, iaz baino 5.000 euro jasoko ditu UKTk aurten, eta iaz hitzartutakoari jarraituz, 65.000 euroko diru laguntza jasotzera iritsiko da datorren urtean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide