Aire(h)ari bikoteak irekiko du 34. Udaberriko Musikaldiaren programa, larunbatean

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 30a

Aire(h)ari bikotea, Azpeitiko Udako Musika Printzak egitasmoaren barruko kontzertu batean. (Kulturaz)

Datorren larunbatean hasiko da musika zikloa Santa Kutz komentuan, eta Ignacio Arakistain piano jotzaileak eta Oscar Rodriguez harmonium jotzaileak osatzen duten bikoteak Haydn, Franck, Widor, Stravinsky eta Wagner konposatzaileen piezak taularatuko dituzte. 

Datorren larunbatean hasiko da Azkoitiko Udaberriko Musikaldiaren 34. aldia Santa Kutz komentuan, eta Aire(h)ari bikotea arduratuko da egitaraua irekitzeaz, 18:30ean. Ignacio Arakistain piano jotzaileak eta Oscar Rodriguez harmonium jotzaileak osatzen dute bikote hori, eta publikoak Haydn, Franck, Widor, Stravinsky eta Wagner konposatzaileen piezez gozatzeko aukera izango dute bi musikari horiekin. 

2024an sortu zen Aire(h)ari bikotea Oiartzungo Organozaleak Elkarteak bultzatuta, hango armonioarekin kontzertu sorta ezberdina eskaintzeko ideia izan baitzen bi musika tresna horiek, pianoa eta harmoniuma, fusionatzea. Antolatzaileen arabera, bi instrumentu polifonikoen batuketak eta oholtza gainean egun hain presente ez dagoen harmoniumaren presentziak "erabat berritzailea" bihurtzen dute proiektua. 

Ordutik, hainbat emanaldi eskaini dituzte Gipuzkoan barrena, eta oraingo kontzertu honetarako errepertorioa "modu landuan" aukeratu dute bi artistek. Izan ere, duoarentzat jatorriz konposatutako piezak eta oskestralak zein kameristikoak izan daitezkeen "lan mardulagoak" nahastuko dituzte zuzenekoan. 

Zehazki, honako hau da taldeak taularatuko duen errepertorioa: 

  • Introduction und Allegro, F.J. Haydn. 
  • Prélude, fugue et variation, C. Franck. 
  • Duos pour harmonium et piano, Ch.M. Widor. 
  • Oiaseau de feu,  I. Stravinsky. 
  • Vorspiel (zur Oper Die Meistersinger von Nüremberg), R. Wagner. 

Autobusa, komentura

Udalak garraio zerbitzua eskainiko du herrigunetik Santa Kutz komentura joan nahi dutenentzat. Hori hala, autobusa izango da 18:00etan Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiaren alboko autobus geralekutik komentura. Itzulera, berriz, kontzertua amaitu orduko egingo du autobusak Santa Kutzetik herrigunera. Udalak azaldu duenez, joan-etorria autobusean egin nahi duenak ez du aldez aurretik izena eman beharrik izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide