Trikiti munduko herritarrak saretzea xede duen Osteguntxo egitasmoa abiatuko du Trikigirok

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 29a

Trikiti zaleak soinuen eta panderoen doinu artean elkartuko dira. (Trikigiro)

Bihar, osteguna, egingo dute lehen juntadizoa Zurt tabernan, 21:00etan hasita. Hileko azken ostegunetan egingo dituzte saioak bailarako herrietan. Kultur elkartearen asmoa da juntadizoa hilero herri desberdin batean egitea. 

Trikigiro kultur elkarteak Osteguntxo egitasmoa abiatuko du. Duela urte batzuk, Azkoitiko Txalintxo tabernak abiatu zuen Trikilintxo juntadizoari lekukoa hartu, eta hileko azken ostegunak trikiti munduko lagunak biltzeko egunak izan daitezen nahi du elkarteak. Hain justu, bihar, osteguna, egingo dute aurreneko juntadizoa, Azkoitiko Zurt tabernan (21:00).

Elkarteak adierazi du bailarako trikitilariek elkar ezagutzeko plazak izango direla Osteguntxo egitasmoko hitzorduak. "Osteguntxo egitasmoarekin lortu nahi da adin desberdinetako lagunak elkartzea, haiek elkar ezagutzea, eta oro har, soinua nahiz panderoa elkarrekin jotzea. Gainera, bakoitzak duen aberastasuna gainerakoei erakutsi edo hura besteekin elkarbanatu ahal izango dute partaideek, Urola erdiko trikiti zaletasuna eta aberastasuna transmitituz", adierazi dute elkarteko ordezkariek.

Egitasmo berri horretan edozein adinetako lagunek izango dute parte hartzeko aukera. "Trikitia maite duen edonork izango du hitzorduetara bertaratzeko aukera. Saioetan norbanako bakoitzaren gaitasunak kontutan hartzea eta errespetatzea eskatuko da. Hala, trikitiaren kontu, kanta, erromeria, zaletasun eta abar elkarbanatzeko aukera izango da". 

Hilean behin

Trikigiroren Osteguntxo egitasmoaren juntadizoa hilero egingo dute, bailarako herriak txandakatuz. Azkoitiko Zurt tabernan hasiko dute bidea, baina datozen hilabeteetan egitasmoa Azpeitira, Errezilera eta Zestoara zabaltzea da haien asmoa. Herri bakoitzeko taberna edo txokoren batean egingo dituzte juntadizoak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide