Oroimenaren dantzaldiak hamargarrena du ospatzear

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 29a

Holz Und Blech, iaz, Goiko Losan. (Andoni Elduaien)

Holz Und Blech musika jaialdia egingo dute bihartik igandera arte. Zizu oroituz zabalduko dute egitaraua, eta herrian 40 DJ saio baino gehiago izango dira gero. 

Zuhaitz Urain Zizu musikazalearen omenez urtero ospatzen duten Holz Und Blech jaialdia ate joka da Azkoitian, izen bereko elkarteak hiru eguneko egitaraua antolatuta. Hamargarren urteurrenean, antolatzaileak, artistak zein zaleak prest dira ia etenik gabe entzun ahal izango den musikari ongietorria emateko, eta beraz, prest dira horiek guztiak herriko txokoak hartu eta ordu luzez doinu elektronikoen pean dantza egiteko ere. 

Bihartik igande goizera hartuko du musika jaialdiak herria, eta Urain gogoan izango dute egun horietan guztietan. Ohiko moduan, hari omenaldia egingo diote aurreneko egunean, jaialdiaren hasieratik horixe baita egitasmoaren funtsa; musika elektronikoaren sustatzailea izan zena oroitzea. Hori horrela, senideek, lagunek zein bertaratzen diren guztiek txalaparta doinuekin gogoratuko dute gaztea, 19:00etan Balda plazan jarri duten hitzorduan. Une horrekin hasiko dute ondorengo festa luzea.

Ordea, ostegunak bestelako kutsu bat hartuko du, azken urteetako egiturari jarraituz, elkarrizketa saioa izango baita omenaldiaren segidan. Aurtengoan, Mikel Urkixo idazlea izango da gonbidatua, eta duela bi urte kaleratu zuen Euskal Herria Underground: 1986-2015 Bidaia elektroniko bat liburua izango du hark hizketegai. Hain zuzen, Euskal Herrian musika elektroniko "bazterreko eta autentikoenak" lehen hamarkadetan egin zuen bidea errepasatu zuen hark lan horretan, orduko protagonista batzuen eskutik.

Bestalde, arratsalde horretan bertan umeei zuzendutako beste ekintza bat ere izango da. Izan ere, antolatzaileen helburua da musika elektronikoari lotutako kultura herrian ahalik eta gehien zabaltzea, eta horregatik, azken urteetan bezala, familientzako saio batek zabalduko du egitaraua; 17:30ean haurrentzako musika tailerra egingo dute eliz atarian –eguraldi txarra eginez gero, Elkargunean–. "Gorputza dantzan jartzen duten erritmoak nola sortzen diren elkarrekin ezagutuko dugu. Perkusioko musika tresnak eta magia elektroniko apur bat erabiliko dugu horretarako", adierazi dute antolatzaileek.

Hiru hitzordu horien segidan, hango eta hemengo disko jartzaileak izango dira jaialdiko protagonistak, horien doako zuzenekoek blaituko dituztelako etzitik aurrera herriko txokoak. Aurten, 40 disko jartzailetik gora izango dira herrian, eta antolatzaileek hamabost stage edo gune egokitu dituzte haiek saioak eskain ditzaten. Etzi, Plazaberrin, Matadeixen eta Latz nahiz Txalintxo tabernetan izango dira saioak; zapatuan, berriz, Goiko Losan, Berdura Plazan, Dean, Zurt, Latz, Txalintxo, Hika, Etxe-aitz, Koxka, Tta-kun zein Galipan tabernetan eta Laja jatetxean. Han amaituko da dantzaldia, igande goizean.

Hona hemen egitaraua: 

Bihar, apirilak 30

  • 17:30. Haurrentzako musika tailerra, eliz atarian.
  • 19:00. Omenaldia Zuhaitz Urain Zizu zenari, Balda plazan.
  • 19:30. Mikel Urkixo idazleari elkarrizketa egingo diote Euskal Herrian Underground liburuz, Galipan tabernan. 

Ostirala, maiatzak 1

  • 12:00-14:00. Kapitaina DJa, Plazaberrin. 
  • 18:00-02:00. House One, Hugo, Mariiin eta Unai Trotti DJak, Matadeixen. 
  • 02:00-06:00. Krakow eta Beba DJak, Latz tabernan.
  • 02:00-06:00. Pizky eta Avo DJak, Txalintxo tabernan.

Zapatua, maiatzak 2

  • 12:00-00:00. Albi, Traxx Jr., Galiano, Mari.Te, Borja S. eta Javier Carballo DJak, Goiko Losan.
  • 16:00-22:00. Checkboyz, Zatibi, DJ Radar eta Bobby DJak, Berdura Plazan. 
  • 00:00-04:00. Anartz eta Alexander Loop DJak, Dean tabernan.
  • 00:00-04:00. Celia Carrera eta Neska DJak, Zurt tabernan.
  • 00:00-06:00. Balza, Elpidio eta Gela DJak, Latz tabernan.
  • 18:00-06:00. Murxi, Coel, LN, Luska, Garai eta Victorio DJak, Txalintxo tabernan.
  • 22:00-02:00. Loreak eta Willy DJak, Hika tabernan.
  • 00:00-04:00. Elektropeña eta Xugua DJak, Etxe-Aitz tabernan.
  • 00:00-04:00. Bier eta Kintana DJak, Koxka tabernan.
  • 00:00-04:00. Josu Aranburu eta Vita V DJak, Tta-kun tabernan.
  • 00:00-04:00. Porruu eta Tsuruta DJak, Galipan tabernan.
  • 06:00-10:00. Mari.Te eta Javier Carballo DJak, Laja jatetxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide